Igartubeiti baserria ezagutzera joango dira nabarniztarrak
Nabarnizko Udalak Igartubeiti baserria ezagutzera joateko irteera antolatu du, eta 80 lagunek izena eman dute. Bisitarekin, euskal baserriaren historian, horren bilakaeran eta bizitzan sakonduko dute.
Igartubeiti baserri zaharra ezagutzera joango dira Ezkio-Itsasora nabarniztarrak domekan (urriak 12). 80 herritarrek eta inguruko bizilagunek eman dute izena, eta 09:o0etan aterako dira Nabarniztik; 09:15ean Oleskon gainerakoak hartzeko geldialdia egin ostean, 10:30ean hasiko dira bisita gidatuagaz, 13:30ak bitartean.
Bertan, euskal baserriaren historian, horren bilakaeran eta bizitzan sakonduko dute. Izan ere, Igartubeiti baserria Ezkio-Itsason dago, Gipuzkoaren barne muinean. Lurralde euritsu eta berdea da, ez oso altitude handikoa, bai ordea malkar malkartsua. Beraz, apenas dago inguru horretan landaketarako erosoa izan daitekeen lurrik.
Egituratik, euskaldunek zuten bizimoduari buruzko informazio anitza ematen du baserriak: txabola izan zeneko aztarnak ikus zitezkeen, gaur egun den eraikuntzaren hazia, alegia. Igartubeitin aurkitu zen beste altxorretako bat sagardoa egiteko dolare handi bat izan zen. Eta, esanguratsua da, baita ere, egurrez eginda dagoen baserriaren aurrealdea.
Azken urteetan baserri zaharra berritzen ari dira, eta egurrezko aurrealdea deseginez: piezak desegin eta denak banan-banan lantzen ari dira, garbitu eta berriztatzen. Horri esker, Igartubeitik 1630ean zuen itxura mantentzen du.
Hala, gaur egun, Igartubeiti XVI. eta XVII. mendeetako zurezko arkitektura tradizionalaren adibiderik onenetarikoa da, baita euskal baserriaren Urrezko Aroaren isla ona ere. Gainera, XVI. mendeko dolarea berriro martxan ikusteko aukera eskaintzen du egun, eta, baserri horretan, hainbat usain aditzeko aukera ere badago: jotako sagarraren usaina, belar usaina, ontzen jarritako larruen usaina, ke usaina…
Hori guztia ikusteko aukera izango dute nabarniztarrek Interpretazio Guneari esker. Izan ere, erakusketa espazioan dagoen ikus-entzunezkoentzako eremuan, baserriaren arkeologi aztarnak daude ikusgai, euren bilakaera fase ezberdinen arabera. Gune horretan bertan daude jasota zaharberritzeari buruzko gorabeherak, garai desberdinetako eraikuntza lanaren berezitasunak, eguneroko bizimoduak eta inguruaren eta baserriaren gizarte historia bera… Dena Igartubeitiko Plan Gidaria hasi zenetik burututako ikerlanari esker.
Bisita gidatuaren ostean, 15:00etan, bazkaltzera joango dira Legazpiko Aztiria erretegira, eta arratsaldea denbora librean pasatu eta gero, 19:00etan hartuko dute itzulerako bidea.