Busturialdeko Gurutze Gorriaren lana ikusarazteko elkartasun jaialdia
Legoie Tabernak eta Boliña Jatetxeak zapaturako (urriak 11) antolatu dute Busturialdeko Gurutze Gorriaren aldeko elkartasun jaialdia. Hitzaldiek, kontzertuek, marmitako janak eta zozketa bereziak beteko dute Barrenkale kalea 11:00etatik 19:00etara bitarten.
Busturialdeko Gurutze Gorriak eskualdean egiten duen lan soziala babesteko eta ezagutera emateko helburuagaz, Legoie Tabernak eta Boliña Jatetxeak ekitaldi solidarioa antolatu dute zapaturako (urriak 11), 11:00etatik 19:00etara bitartean ospatuko dutena.
“Jende askok ez daki zelako lana egiten duen Busturialdeko Gurutze Gorriak. Harreman hurbila daukat Gurutze Gorriko jendearekin, eta eurek hainbat zereginetan lan egiten dutela kontatu ohi didate, ezagunagoa den erreskate lanetik aparte. Larrialdiei erantzuten diete, baina horrez gain, ingurumena zaintzeko lan egiten dute eta bakardadearen aurkako laguntza ere eskaintzen dute. Zeozer egin gura genuen gure alea jartzeko eta euren lana zabaltzeko”, kontatu du Oier Alberdi antolatzaileak.
Hain zuzen ere, egiten duten lanaren nondik norakoak eta bizitzako esperientziak Gurutze Gorrikoek eurek kontatuko dituzte zapatuan, baita boluntarioek ere. “Esaterako, bakardadean dagoen jendeari nola laguntzen dioten, edota iaz Valentzian DANAren ondorioak arintzeko ze lan egin zuten kontatuko dute. Besteren artean, esperientzia horren berri emango dute, izan ere, bertara joan ziren”, azaldu dute. Postu desberdinak ere jarriko dituzte Adolfo Urioste kalean, eta horietan ere informazioa zabaltzen ibiliko dira langileak.
Ondorioz, antolatzaileek nahi dute jendeak ikustea ze behar egiten duen Gurutze Gorriak eskualdean, baina baita horiei laguntzeko diru ekarpen bat jaso ere. Izan ere, jaialditik lortzen dutena erakunde horren lan sozialari laguntzera bideratuko dute, eurei baliabideak eskaintzeko asmoz.
Hala, gutxi gorabehera 300 pertsonarentzako marmitakoa prestatuko dute Artekale jalean, eta marmitako horren plater bat jateko tiketak jarriko dituzte salgai, hiru eurotan. Horietatik lortzen duten diru guztia Busturialdeko Gurutze Gorriarentzat izango da.
Baina, hori bakarrik ez, tiket bakoitzak zenbaki bat izango du, eta horrekin zozketako sariak jaso ahalko dituzte zortedunek. Esate baterako, Athleticeko jokalariek sinatutako kamiseta bat, Gernika Rugby Taldekoek sinatutako baloia, Lointek Gernikaren kamiseta, Gernikako bi futbol taldeen kamisetak, edota zesta-puntako kamiseta bat zozkatuko dituzte, baita Gatibuk sinatutako diska eta bestelakoak ere. “Herriko jendeak ekarpenak egin ditu, eta ederra da horien guztien parte hartzea”, nabarmendu du antolatzaileak.
Gainera, Boliña Jatetxeak zein Legoie Tabernak diru ekarpena egingo dutela adierazi dute. “Bi establezimenduen artean gauza asko antolatzen ditugu, harreman ona daukagu gure artean, eta ideia otu zitzaigunean ekitaldi hau ere elkarregaz antolatzea erabaki genuen”, jakinarazi dute.
Egun guztian, gainera, musika kontzertuek girotuko dute egonaldia; herriko zein inguruetako musikariak igoko dira Artekalen jarriko duten oholtzara, akustikoan, banaka edota binaka, eta zuzeneko musikaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. 18:00etatik aurrera, Rober Muñoz ariko da DJ lanetan.
Antolakuntzatik herritarrei dei egin diete elkartasun jaialdian parte hartzera, elkartasun, musika eta komunitate giroko jaia izango delako.