Zinemaz eta ingurumen jarduerez betetako eguna BBK Kliman
Mape ibaiaren haranean 300 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuko dituzte zapatuan, eta horrez gain, sukaldaritza iraunkorreko tailerrak eta jarduera desberdinak antolatuko dituzte BBK Klima gunean.
Argakia: Ekoetxea Zinemaren eta ingurumenaren arteko topaleku bihurtuko da BBK Klima zapatuan (urriak 11). Goizean 3oo zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuko dituzte Busturiko Mape ibaiaren haranean, eta arratsaldean, BBK Kliman bertan, sukaldaritza iraunkorreko tailerrez zein Robot salvaje animazio filmaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnak. Ekimen hau Udazkeneko Zinema programaren barruan kokatzen da, eta zinemaren magia hurbiltzen du herritarrengana, jasangarritasunarekin konprometitutako ingurune paregabe batean.
Aurreko edizioaren “arrakastaren” ondoren erabaki dute BBK Mendi Martxak Erronka berriro egitea, BBK Fundazioak eta ingurumen sentsibilizazioan eta baso autoktonoen berreskurapenean diharduen Lurgaia Fundazioagaz elkarlanean.
Jarduera horren ardatza da Mape edo Amunategi ibaien haranean Lurgaiak kudeatzen dituen lurretan 300 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatzea. Parte hartzaileek eskualdeko basoen berreskurapenean zuzenean parte hartuko dute horrela.
Eta ingurumenagaz jarraituta, 15:00etan, Ortutik Ahora Cateringen eskutik, showcooking agroekologiko bat egingo dute, “tokiko baratzeko produktuekin errezeta sortzaileak prestatzen eta elikagaien xahuketa saihesten irakasteko”.
Beranduago, bost jarduera paralelo ere eskainiko dituzte espazioko hainbat gunetan, 16:30etik 18:30era bitartean, txandaka antolatutako dinamiken bidez, eta parte hartzaile guztiek jardueretan parte hartu ahal izango dute.
Ostean, eguna biribiltzeko, 19:30etik aurrera, Robot salvaje animazio filma proiektatuko dute. Pelikula abentura, samurtasuna eta teknologia eta naturaren arteko harremanari buruzko hausnarketa uztartzen dituen istorio “zirraragarria” da. Eta, publiko guztientzat egokia den arren, bereziki haurrei zuzenduta dagoela azaldu dute antolatzaileek, baita adiskidetasunari, ingurumenarekiko errespetuari eta elkarbizitza bezalako balioei buruzko gogoeta egitera gonbidatzen dituela ikusleak ere.
Hori ikusteko sarrerak sarrerak.bbk.eus webgunean eskuragarri daudela gehitu dute, bi eurotan.