Gernika desberdinak gogoratzeko begirada
Barruak astintzeko, bihotzak hunkitzeko eta gogoa pizteko erakusketa da Astran urriaren 30era bitartean ikusgai dagoen Xanti Arrieta eta Txema Ramirez de la Piscinaren 'Gernikak. Begiradak' erakusketa. Euskal kulturako sortzaileen ekarpenekin dago osatuta.
“Aurrean duzuna ez da atseden gunea. Ezta begiratoki ederra ere. Burdinazko aulki txatar batean zaude jesarrita. Deseroso, ipurdia jarlekuaren pleguetara egokitu ezinik. Parean duzun errealitatea ez duzu gustuko. Entzuten duzun garrasi gordinak bihotza urratzen dizu, baina ez dakizu zer egin, zer esan, nola jardun. Orrialdea pasa? Telebista itzali? Munduari bizkarra eman?”. Gogoeta horretatik abiatzen da Astran ikusgai dagoen Gernikak. Begiradak erakusketa. Urriaren 30era bitartean egongo da bertan, eta bitarte horretan, hausnarketa kolektiboa bilatzen duten hitzaldi zikloak hartuko ditu kulturarako fabrika sozialak, hurrengoa, eguenean (urriak 9), 19:00etan: Josu Chueca EHUko irakasle eta 36ko gerrari buruzko ikertzaileagaz, Euskal Haurrak guda zibilean hitzaldian bilduko dira.
“Ezinegonetik” sortu den begirada kolektiboa da Gernikak. Begiradak. Gernikan 1937ko apirilaren 26an izandako bonbardaketatik gaur egunera arte gizarteak “zein gutxi ikasi duen” ikusarazten digun oihua. “Izan ere, guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten dizkiguten toki-izenak dira: Malaga- Almeria, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia, Gaza… Guretzat, akaso, ezezagunagoak. Urrutikoegiak, agian? Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza berri jasateko prest gaude, gu āXXI. mendeko lehen laurdenera iritsi garen munduko hiritar modernookā gure besaulkitik zirkinik ere egin gabe?”, galdegiten du Txema Ramirez de la Piscina erakusketaren koordinatzaileak, erakusketa ikusi aurretik ere hausnarketa zintzoa plazaratzeko dei eginez.
Gernikak. Begiradak, Gernikan; Gernikak. Begiradak, Astran. Lehen gerrarako arma zen, eta orain, gazteak eta kultura biltzen dituen fabrikan. Bertan aurkeztu zuten erakusketa barikuan (urriak 3), eta sorkuntza Gernikak. Begiradak deitzen den arren Gernikak.Gogoetak ere dei diezaiokeela esan zuen Xanti Arrieta sortzaileak, sortutako bilduma “gerren zentzugabekeriaz” egindako gogoeta kolektiboa baita.
“Txikitatik margotzen dut, baina eskultura egin gura nuen, eta bide horretan zeramikagaz topo egin nuen. Geroago agertu ziren teknika ezberdinak nire bidean: argazkiak, egurra, burdina… Eta,Ā bilaketa horretan nenbilela, bozeto eta proba ezberdinak egiten, zerbait berezia egin nahian garai berri baten sartuta, Ukrainako gerra hasi zen. Eta telebistan hasi ginen jendea ihesean ikusten, umeak bazterretan hilda… Eta burura etorri zitzaidan: berriro Gernika”, gogoratu zuen sortzaileak. Eta, munduan zenbat Gernika egongo ote diren horri segika, proiektua “zeharo aldatu” zela onartu zuen, forma berri hartzen hasi zela esand.
Segituan konturatu zen Arrieta hitzak behar zituela bere lanak: “Beti entzun izan dugu irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio duela, baina zenbat balio dute irudiak eta hitzak? Obra honetan dago erantzuna”.
Hala, hitzen bilaketa horretan, Ramirez de la Piscina kazetaria, ikertzailea, EHUko kazetaritza irakaslea izandakoa, eta bere lehengusua hartu zuen bidelagun. “Berari azaldu nion proiektua eta segituan sartu zen, koordinatzaile eta kolaboratzaile modura. Berak lortu ditu kolabotatzaileak, eta eskerrak eman gura dizkiot berari, baita kolaboratzaile guztieei ere: Nerea Ibarzabali, Onintza Enbeitari eta Amets Arzallusi, EƱaut Elorrietari, Kirmen Uriberi, Castillo Suarezi, Patxi Ibarzabali, Maite Aristegiri eta Martxelo Otamendiri”. Izan ere, horiek guztiek “handiagoa eta bereziagoa” egin dutela proiektua dio sortzaileak.
Hainbat dira parte hartu duten horiek egindako hausnarketak, tartean Nerea Ibarzabalenak:
Nahiz eta irudiek
listua garraztu
misilek beti bide
berbera marraztu
mila bider ikusi
mila bider ahaztu
albistegiak ezin
omen du zehaztu
zenbat hil diren
eta zenbat aberastu.
Hala, bere sorkutza Gernikara ailegatzea “ametsa” dela onartu zuen, Gernikak. Begiradak erakusketak Picassoren Guernica obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu baitu, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diren pertsonen begiradak jasoz. Teknika eta material desberdinakāeskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea, zura…ā erabili ditu artista bergararrak horretarako, eta lan batzuen eta besteen ideia, asmo eta esanahaiak azaldu zituen aurkezpenean.Ā
Astrakoa “ez dela beste erakusketa bat” berretsi zuen Ramirez de la Piscinak: “Sinbolikoki, guretzako, izugarrizko indarra daukan lekua da hau. Sormen faktoria da. Toki berezia, eta momentu berezia ere bai: nahasmendu, inpotentzia eta ziurgabetasuna nagusi diren honetan guk hemen gogoeta kritiko bat egin gura dugu”.
Nahasmendua zergatik? “Bart genozida zena gaur bakegilea delako”, kazetariaren iritziz. Ziurgabetasuna? “Inork ez dakielako zer gertatuko den urtebete barru”. Eta inpotentzia? “Telebista pizterakoan hildakoen senideen garrasiak, negarrak ikusten ditugulako, egunero”. Baina, horri aurre egiteko proposamena ere bada erakusketa, gogoeta kritikoa egin eta optimismoa bilatzeko.
Hala, Amets Arzallusenek erakusketarako sortutako gogoeta izan du aztergai Ramirez de la Piscinak:
Munduak armak ekoizten ditu, Euskal Herriak ere bai,
hor ez dago ez zoru etiko, ez damu eske, ez epai,
merkatuaren logikak dauka ingurua odolez blai,
beharrezkoak dira Gernika, Gaza, Mariupol ta Tigray,
hildako asko izan daitezen gutxi batzuen bizigai.
Gernikaren tragedia mundu osora zabaldu zen, kazetariei esker, baina Gernika ez dela bakarra munduan gehitu zuten. “Lehenago ere egon ziren populazio zibilen aurkako beste eraso batzuk. Eta, gaur egun, gerra inoiz baino presenteago dago. Baina ez dugu ahaztu behar gerrak ez direla fenomeno meterologikoak; gerra kapitalismoak betidanik merkatuaren jabe egiteko erabili duen tresna izan da, Gaza Resort gogoan izan behar dugu”.Ā
Hala ere, gogoeta positibo batekin amaitu zuen bere hitzartzea Ramirez de la Piscinak, Angela Davisen berbak aintzat hartuta: “Garai ilun, negargarri, lazgarri hauetan, optimistak izatea ia-ia beharrezkoa da, derrigorrezkoa, ze etsipenean murgilduz gero, orduan ez dugu aterabiderik izango. Beraz, nahi eta ez, errealitatean oinarrituako optimismoa guztiz beharrezkoa da”.
Barruak astintzeko lana.
Gernikak. Begiradak barruak astintzeko prestatuta dago, bihotzak hunkitzeko, gogoa pizteko. Gernika kontzeptuaren begirada zabala gordetzen du erakusketak, interpretazio desberdina, Gernika udalerri bat baino gehiago dela sinetsita, Gernika ez dela iragan bati lotutako zerbait bakarrik hausnartuta. Eta, ikuspuntu hori da Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren begirada, eta saiatu dira hori erpin desberdinetatik lantzen. “Guernica koadroak memoriara eta unibertsalizaziora bultzatu izan gintuen bezala, beti pentsatu izan dugu arteak eta kulturak sekulako balioa dutela Guernicaren inguruko berrinterpretazioak lantzeko, hori bultzatzeko, parte hartze eta bidelagun izateko”, adierazi zuen aurkezpenean Ibon MeƱika Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideak.Ā
Hala, norabide batetik eta bestetik eratorritako hausnarketek helduleku komun edo erdibide bat topatu dute: Astra. “Poztasuna justifikatuta dago, nahi bat, behar bat eta ikusmira bat artearen bitartez lantzen duen erakusketa delako honakoa, Gernikaren kontzeptuaren dimentsio berezi bat hartzen duena. Bi norabidetako erdibide honek, helduleku honek, Astra du jatorri, eta uste dut erakusketak izaera askoz ere handiagoa hatzen duela hemen: arma fabrika zena kultur fabrika bihurtu dugulako etaĀ artearen bitartez Gernikaren begirada irekitzeko bitarteko bat eskaintzen ari garelako”, gehitu zuen MeƱikak.
Gernikan badabiltzala iraganari eta memoriari buruzko lanketa egiten onartu du plataformako kideak, baina Gernika “inoiz baino garaikideagoa” dela azpimarratu zuen: “Gernika inoiz baino garaikideagoa da. Gernikak āeta Gernikarn bitartez Euskal Herriakā eskaini dezakeen balio, balore eta begirada handiko diskurtso eta praktika bat inoiz baino aktualagoa da egun. Zoritxarrez, hau ez da guk bakarrik adieraz dezakegun zerbait, zoritxarrez errealitateakĀ hori erakusten du. Gaurko Gernika Gaza dei daiteke, edo gaurko Gernika munduko leku asko izan daitezke. Gazarena sentiberagoa da, esanguratsuagoa, dimentsio handiagokoa… baina jakin badakigu inoiz baino Gernika gehiago sortzen ari direla, eta guk, hemendik, ardura eta betebehar handia daukagu adierazteko Gernika gehiagorik ez dugula nahi, ez hemen ez inon”.
Onintza Enbeitak ere, horri buruz gogoetatu du erakusketarako ekarpena egiteko. Hauek dira bere hitzak:
Hogeita hamar tona bonba Gernikaren gainean. Azufrea Iraken.
Ume hilak Yemen eta Palestinan.
Bonba atomikoak Hiroshima eta Nagashakin.
Gudu zelaiak Sirian. Erresistentzia Kurdistanen.
Su-eten hautsia Mendebaldeko Saharan.
Baina munduak ez du alboetara begiratzen, diru gehiago egin nahi du,
eta horretarako armak saltzen jarraitzen du.