Errealitate birtuala, genero berdintasunaz hausnartzeko
Bizkaiko Lanbide Zentroetako gazteek garatutako bideojokoa ezagutzeko aukera izango dute bermeotarrek eguenean [urriak 9] zein barikuan [urriak 10], Lameran. Egun bat ikastetxeentzat izango da, bestea, 12 urtetik gorako edozein herritarrentzat. Izen ematea zabalik dago.
Argazkia: Googaz Errealite birtualeko bideojoko baten bidez gizartea genero desberdintasunaren inguruan sentsibilizatzea helburu duen “murgiltze esperientzia” batez gozatzeko aukera edukiko dute bermeotarrek eguenean [urriak 9] zein barikuan [urriak 10]. Googaz millenial kolektiboak eta BBK-k Bermeoko Udalaren laguntzaz eskainiko duten ekimena Lameran gauzatuko den arren, eguraldi txarra eginez gero Taraskako arkupera lekualdatuko da. Ordutegia 18:00etatik 20:00etara artekoa izango da, saio bakoitzaren iraupena 40 minutukoa izanik. Interesdunek dagoeneko zabalik dute izen emateko aukera, Googazen webgunean.
Bizkaiko Lanbide Zentroetako gazteek egindako proiektuaz gozatzeko bi egun finkatu badituzte ere, egun bat udalerriko hezkuntza zentroentzako izatea aurreikusi dute, Lehen Hekuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat, zehazki. Bigarren eguna, berriz, 12 urtetik gorako edozein herritarrentzako zabalik egongo da.
Sinesmenak birplanteatu.
Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzen duten herritarrek errealitate birtualeko betaurrekoak jantzi eta “iritziak eta sinesmenak birplantearaziko dizkien esperientzia” biziko dute. Zehaztu dutenez, Agenda 2030eko helburuekin bat datorren ekimena da, hain zuzen, genero-berdintasuna den bosgarren Garapen Jasangarrirako Helburuagaz.
Jarduera Herriz Herri 2025 programaren barruan kokatzen da, eta BBK-k eta Bizkaiko udalek finantzatuta dago, “eragin sozial positiboa” duen baterako ekintzak sustatu asmoz. Googaz, berriz, “millenial inkonformista-talde batek” bultzatutako mugimendua da eta bere heburua gazteak “ekintzara pasa eta beren bizitzen gidaritza har dezaten motibatzea” da. Horretarako, ekimen ezberdinen bitartez gazteenartean XXI. mendeko “funtsezko gaitasunen garapena bultzatzea” proposatzen du, besteak beste, pentsamendu kritikoa. sormena, lankidetza, alfabetizazio digitala edo gizarte eta kultura arteko gaitasunak.