Lehenengoa, etxean
Endesa Ligari hasiera bikaina eman dio Lointek Gernika Bizkaiak. Movistar Estudiantesen aurkako norgehiagoka poltsikoratzea lortu zuten Lucas Fernandezen jokalariek, zapatuan, luzapenean. Markagailuan 89-88ko emaitzarekin bukatu zen partida.
Ane Olaeta, Movistar Estudiantesen kontrako partidan.Lointek Gernika Bizkaia Lointek Gernika Bizkaiak denboraldia hasi berri du, eta zelan hasi, gainera. 89-88 gailendu ziren Lucas Fernandezenak zapatuan, Movistar Estudiantesen aurka, luzapeneko azken momentura arte partida erabaki gabe egon zen partidu batean. Izan ere, marea granatea aldeko izan zuten Endesa Ligaren lehenengo jardunaldian etxekoek; norgehiagoka lehiatua gainditu zuten gernika-lumotarrek ligari hasiera emateko. Buruz buruko lehia. Inoiz ez zen izan markagailu argirik bi taldeentzat.
5-0eko partzialarekin hasi zuten Malostekoek partida. Madrildarrek berehala erreakzionatu zuten, ordea, eta burua altxatu zuten, markagailuan 8-11a jarriz. Erritmoa hartzen dabiltza oraindik talde guztiak, eta horren erakusgarri izan zen zapatuko lehen laurdenean nabaritako bi taldeen zehaztasun eza. Hala ere, ekin eta eutsiz jardun zuten biak ala biak, hamargarren minutuan 14-17ko emaitza lortuz.
Lointek Gernika Bizkaiak trabak izan zituen distantzia luzeko jaurtiketarekin, eta Movistar Estudiantesek pista irekira zigortu zituen, sarri, etxekoak. Horrela da, Fernandezen esku egon zela partida etetea, 20-27koa kontran zuela. Eta eskerrak. Ze, jarraian, Angela Salvadoresen ondoz-ondoko bi hirukok arnasa eman, eta bultzada horretaz baliatu ziren gernika-lumotarrak, atsedenaldira 37-35eko markagailuagaz heltzea bermatuz.
Partida erdia aurretik, eta ordura arteko martxa berdina izaten jarraitu zuen norgehiagokak. Salvadoresek asmatzen eta saskiratzen jarraitu zuen, baina etxeko taldeak izandako akatsez baliatu ziren, beste behin, kanpotarrak, eta horiek zigortuz, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten berriz ere; 52-55.
Lointek Gernika Bizkaiak berriro ere aurretik jartzea lortu zuen Salvadores bikain batekin. Ondoren, aldiz, kolpe trukea egon zen, Buhnerrek 63-64 aurretik jarri zuen talde bisitaria, eta Fernandezek partida gelditzea erabaki zuen. Malostekoek 11-5eko partzialarekin erantzun zuten etenetik irten ondoren, eta Movistar Estudiantes arriskatzera eta saskiratze azkarrak egiten saiatzera behartu zituzten. Hala ere, etxekoak bat behera zihoazen, eta partida ia-ia amaituta zegoela, Joy Adamsek bi jaurtiketa libre izan zituen, garaipena lortzeko; bat sartu zuen, eta beraz, luzapenean erabakiko zen partidaren emaitza.
Azken segundoan
Marea granateak eta jokalariek bat egin zuten luzapeneko denbora horretan, eta deus ere ez zuten amore eman, nahiz eta urdinen aldeko 0-4ko emaitzagaz abiatu zuten luzapena. Adamsek berriro ere bere eskuetan izan zuen gernika-lumotarrak markagailuan aurretik jartzeko aukera, eta horrela egin zuen. Azken segundoan, ordea, Movistar Estudianteseko Topuzovicek partida bere eskuetan izan zuen; huts egin zuen, eta lehenengo jardunaldiko garaipena etxean gelditu zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat.
Fernandezek aurkariak zoriondu ditu, “partida osoan egindako lanagatik”, baina batez ere etxeko taldearen lana goraipatu du: “Lan bikaina egin dugu. Sinisteko modu hori, amaierara arte lehiatzeko gogo hori, eta traba posibleei aurre egiteko modu hori zoriontzekoa da. Egunerokoan ere erakusten dute gogo handia dutela, eta lan asko egiten dutela, baina gaurko partidan jokalari guztiek egindako lana txalotzekoa da”. Bestalde, Laura Westerikek marea granateari egin dio keinu: “Eskerrik asko taldeari laguntzera etorri diren guztiei. Partidu zoroa izan da. Une onak eta txarrak izan ditugu, baina denbora guztian talde bat izan gara. Ez da garaipen erraza izan, baina taldeak merezi du”.
Bide batez, klubak aditzera eman du Taylor Jonesek ez duela Lointek Gernika Bizkaia taldean jarraituko, eta arlo profesional zein pertsonalean onena opa diola gaineratu du. Horrez gain, Lointek Gernika Bizkaiak Eurocup Womenen multzokako fasera sailkapena lortu zuen, PAS Giannina talde greziarra menderatuz. Txapelketaren C Multzoan arituko dira gernika-lumotarrak, eta eguaztenean izango dute lehenengo lehia, Unioao Sportiva etxean hartuko baitute, 20:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daudela jakinarazi du klubak, hurrenez hurren.