Gernika-Lumok hartuko du buruz buruko txapelketaren finala
Santanape pilotalekuak hartuko du emakumezkoen elite mailako Lau t'erdiko banakako txapelketaren finala abenduaren 21ean. Olatz Arrizabala aurrelari gernikarrak txapelketa lehiatuko du.
Buruz Burukoa da esku pilotarien artean dagoen txapelketarik garrantzitsuenetakoa, dena eman eta kentzen duena, eta dagoeneko heldu zaie kantxaren handitasunari bakarka heltzeko ordua pilotariei. Barikuan (urriak 10) Ataunen ekingo diote aurtengo edizioari, eta abenduaren 21an (domeka) jokatuko dute finala Gernika-Lumon. Jose Mari Gorroño alkateak adierazi du finala Gernikan jokatzea “historikoa” izango dela herriarentzat, eta, Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarra final horretan ikusteko gogoa adierazi du Bermeon egindako aurkezpenean.
Santanape pilotalekuak hartuko du emakumezkoen elite mailako Lau t’erdiko banakako txapelketaren finala, eta lehia “gogorra” bezain “zabala” izango dela aurreikusi dute antolatzaileek, “inoizko txapelketarik irekienaren” aurrean daudela uste baitutelako. Maila nagusiari dagokionez, “inoizko txapelketarik irekiena” ere badela uste dute, sekua ez baita, kopuruz zein kalitatez, horrenbeste hautagai izan.
Goiuri Zabaleta da egungo txapelduna, eta bera da faborito horietako bat, baina kalitate handiko aurkari asko gainditu beharko ditu berriro txapela janzteko, eta horietako bat da Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarra. Aurrelaria da Binakako txapelik gehien dituen pilotaria, eta ez dio finala herrian jokatzearen aukerari ihes egiten utzi nahiko, bere bakarkako palmaresa herrian estreinatu gurako baitu.
Amaia Aldai ere bada kontuan izateko pilotari horietako bat; orain min hartuta dagoen arren, Buruz Buruko hiru txapel jantzi ditu, bera da espezialista, eta iazko bigarren postua hobetu gurako du. Plazandreak saioko kaiolako txapela jantzita, Itxaso Erasunek ere kontuan hartzeko pilotaria dela erakutsi du udan, eta, lesio larritik osatuta, Laia Salsamendik galdutako denbora berreskuratu nahiko du. Binaka atzean “desberdintasun handiak” markatu eta gero, Enara Gamindek buruz buru ere bikain moldatu daitekeela erakutsi nahiko du, eta Miriam Arrillaga ere beti da goian ibiltzeko hautagaia. Ondorioz, aurten lehen mailako partida guztiek interes gune ugari izango dituzte.
Elite mailako horiez gain, Emakume Master Cup zirkuitua zabala da, eta 60 pilotarik izena eman dute, hiru mailatan banatuta: gazteak, promesak eta eliteak. Hiru kategoriatan pilota mistoagaz lehiatuko dute, eta txapelketa amaitzerakoan jakingo da nor moldatu den hoberen.
10 herri.
Antolakuntzak dagoeneko prest du Gernika-Lumon amaituko den lehiaketaren ibilbide orria, eta, iazko rankinga kontutan izanda osatutako txapelketak hamar herri bisitatuko ditu. Baina azken txanpa Bizkaian jokatuko dute, finalerdiak Basaurin lehiatuko baituzte abenduaren 7an. Horiek eta finala ETB1en jarraitu ahalko dira zuzenan, baita eitb.eus eta ETBSATen bidez ere.