Urdaibai kokaleku duten nagusientzako ipuinen bilduma
Joana Oregi gernika-lumotarra irakasle da ogibidez, eta idazle, berriz, bokazioz. Helduei zuzendutako ipuinez osatutako hiru liburu argitaratu ditu abenduaz geroztik, azkena, ekainean: ‘Los cuentos de las brujas’. Urriaren 15ean bere jaioterrian aurkeztuko du liburua, 19:00etan, Astran. Saga laugarren liburuagaz itxiko du, baina bitartean, sare sozialetan aurrerapausoak ematen jarraitzea du helburu.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan 3.500 liburu argitaratzen dira urtean, eta %50 inguru euskaraz izaten dira. Asier Muniategi Euskadiko Liburu Ganbarako kidearen ustetan, sormen aldetik, “ondo” dabil Euskal Herria, baina sormena aurrera eraman eta liburu bihurtzeko ezinbestekoa den faktore bat dago: irakurleek erantzutea, liburuak erosi eta irakurtzea, alegia. Liburu asko Euskal Herriko zein beste leku batzuetako argitaletxeen bidez argitaratzen dira, baina beste askok, norbere liburuak argitaratzearen aldeko apustua egin behar izaten dute; besteak beste, horrek eskatzen dituen finantzaketa eta marketina beregain hartuta. Horren adibide da, esaterako, Joana Oregi idazle gernika-lumotarra.
Ekainean Los cuentos de las brujas bere hirugarren liburua argitaratu zuen, eta urriaren 15ean bere herrian aurkezteko aukera izango du, 19:00etan, Astran. Aurreko liburuekiko “independentea” bada ere, izenburuak alderatuta— Los cuentos de Mari Anboto eta Los cuentos de El Mariquelo—, agerikoa da lotura egon badagoela: liburuak ipuinez osatuta daude. Oregik eleberria idatzi beharrean, “ipuin laburrak” idaztea erabaki du, helduei zuzendutakoak, gainera: “Hasieratik helduentzako ipuinak izatea nahi nuen, urte askotan umeentzako ipuin kontalari izan naizelako eta aurreko ezagutza horretatik abiatuta; ez nuen gazteentzako ipuinak izaterik nahi, espresuki helduei zuzenduta egotea baino”. Hala ere, euskaraz idatzitako umeentzako idatziak ere badituela aurreratu du, etorkizunean “ilustrazio batzuekin” lagunduta argitaratu nahiko lituzkeenak.
Helduen artean “ohikoena” da eleberriak, poesia edo bestelako formatuak aukeratzea, ipuinak “umeentzako” direla sinetsita. Gainera, “denbora ezaren aitzakiapean” irakurtzea gero eta gehiago kostatzen zaiela antzeman du gernika-lumotarrak. Horregatik, bere azken liburua Urdaibaiko hainbat herritan gertatzen diren hamahiru ipuin independentek osatzen dute, eta “denbora gutxian irakurri daitezke”.
XXI. mendeko mitologia.
Orain arte argitaratutako ipuin guztiek, gainera, pertsonaia bera dute: Anbotoko Mari. Saga laugarren liburu batek itxiko du, baina, gaur gaurkoz, izenburua eta ideia dira idazleak argi dituen puntu bakarrak; ez da idazten hasi eta ez daki noiz argitaratuko duen: “Lehenengo liburutik laugarrenera arte agertuko da Anbotoko Mari, baita Basajaun ere. Mari argi izan nuen hasieratik, Basajaunena berriz, horrela atera da”. Etxean “betidanik” euskal mitologiaren inguruan asko irakurri eta hitz egin izanak eraman du Oregi Mari bere istorioko pertsonaia nagusi bihurtzera: “Gure mitologiako pertsonaia garrantzitsuena da nolabait, denaren sortzailea delako”. Hala ere, Mariren izena eta itxura hartu arren, “zeozer berria” sortu du, urte luzez irakurri duen mitologia jarraitu gabe: “Mari gaur egungo gizartera ekarri dut, XXI. mendera”. Irakurzaletasuna umetatik datorkio idazleari, eta etxean pasio hori babestu izana eskertzen du: “Beti lagundu naute liburutegira, liburuak erosi dizkidate… Liburu bat nahi izan dudanetan, beti laguntza eskaini didate”. Horrez gain, idaztea ere beti gustatu izan zaio, koaderno batean inoiz ezer argitaratzeko asmorik gabe idazten bazuen ere. Duela bi urte inguru, baina, “serio” idazten hasi zen, argitaratzeko asmoagaz; orduan hasi zen gero paperera emango zituen ipuinak bere buruan sortzen: “Argitaletxeekin harremanetan jarri nintzen, baina edo ez didate erantzun, edo ez dute inolako interesik izan nire liburuetan. Baina nik bai ala bai argitaratu nahi nituenez, nik neuk argitaratzearen alde egin nuen”.
Alde onak eta txarrak.
Los cuentos de las brujas liburuan poemak eta ilustrazioak ere sartu ditu, eta onartu du ilustrazioak ondo daudela bermatzeko, laguntza eskatu duela. Azalak ere “erakargarria” izan behar zuela dio, begi kolpez arreta deitzen duenetakoa. Liburua argitaletxe barik argitaratzeak lan guzti horiek beregain hartu behar izatea suposatu badio ere, alde onak ere badituela uste du: “Nahi duzuna argitaratzen duzu, gura duzun momentuan eta gura duzun moduan. Inork nola egin behar duzun esan gabe erabakitzeko askatasuna duzu”. Era berean, “sekulako lana” dakarrela dio, egilearen esku geratzen delako liburua “idaztea, maketatzea, azala eta beste guztia erabakitzea, eta gainera, marketin eta publizitate guztia egitea”. Publiko zabalago batera iristeko, azken liburua Kindle formatuan ere saltzea erabaki du.
Uste du argitaletxerik gabeko idazleekiko “estigma” dagoela, horien interesekoa ez izateak lanak “kalitate gutxiagokoak” bihurtzen dituen ustea baitago: “Jendeak irakurtzen duenean, iritzia ematen dizu, zer hobetu daitekeen, zer gustatzen zaion gehien, eta hobetuz eta moldatuz zoaz, baina oso gogorra da. Leku askotara idazten duzu zure liburuaren berri emateko, eta normalean, ez dizute erantzuten”.
Komunitatea, sarean.
Gernika-lumotarrak aitortu du liburuak saltzea “zaila” dela: “Jendeak irakurriko duela esaten dizu, baina gero, ez dizute liburua eskatzen, edo oso interesgarria dela esaten dizute, baina zuk, zenbat saldu dituzun ikusita, zenbakiak ez datoz bat normalean”.
Lanbidez irakaslea eta bokazioz idazlea da Oregi, eta gainera, sare sozialetan —@joana_bookland— ere aktibo dago: “Nire komunitatea oso txikia da, baina jende askok eskatu dit liburua, Cadizera ere bidali dut baten bat”. Hala ere, idazle batzuk dagoeneko beragaz harremanetan jarri dira, beraien liburuez hitz egin dezan eskatzeko, eta berak ere beste eduki sortzaile batzuei bereak helarazi dizkie: “Gorago heltzea espero dut, baina dagoeneko idazle batzuek beraien liburuak bidali dizkidate, eta hori bikain dago”.