Familia eskola programa, guztiei irekitako "eskaintza globala"
Gaikako sei saiotan, nerabeen hazkuntzarako eta laguntzarako "gai garrantzitsuak" jorratuko dituzte programan parte hartzen dutenek. Saioak doakoak izango dira eta izena eman beharko da.
Bermeoko familiei zuzendutako prestakuntza proposamen zabala antolatu du Bermeoko Udalak, Adikzio Prebentzio Zerbitzuaren bitartez. Udaletik nabarmendu dutenez, familia eskola aurreko urteetan udalerriko hezkuntza zentro bakoitzeko familia elkartearen bitartez antolatzen zen arren, 2024-2025 ikasturteaz geroztik udalerriko familia guztiei irekitako “eskaintza globala” bilakatu da.
Urritik martxora bitarteko programazioa atondu dute, gaikako sei saiok osatuko dutena. Saioetan zehar, bat egiten duten familiek “nerabeen hazkuntzarako eta laguntzarako gai garrantzitsuak” jorratuko dituzte, hala nola, antsietatea, suizidioa edo lehen kontsumoak. Udalerriko ikastetxeen laguntzari esker, prestatutako saio gehienak bertako instalazioetan egin ahal izango dituzte, “interesa duten familia guztiei sartibidea erraztuz”. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.
Programa.
Lehen saioa, Depresioa eta antsietatea nerabezaroan, urriaren 8 [eguaztena] eta 9an [eguena] egingo dute, Gizarte eta Kultura Etxean. Zehaztu dutenez, eguazteneko hitzorduan Ester Zarandona haur eta gazteen psikiatra izango da hizlaria eta saioa gazteleraz egingo da. Bigarren saioa urriaren 22 [eguaztena] eta 23rako [eguena] deitu dute, toki eta ordutegi berean, Suizidioa nerabezaroan jorratzeko. Urriaren 22an Zarandonak gidatuko du saioa. Urteko azken saioa azaroaren 12an [eguaztena] egingo dute, Nerabezaroa familian ulertu izenpean, Eleizalde Ikastolan.
Urtarriletik aurrera jarraituko du eskola programak, eta 2026ko lehen hitzordua Familiak aro digitalean: teoriatik praktikara saioagaz izango da urtarrilaren 21ean [eguaztena], Sagrado Corazon Ikastetxean. Gure nerabeen lehen kontsumoak aztertuz jarraituko du programak, otsailaren 18an [eguaztena], Bermeo BHIn. Galdera bati erantzunez amaituko dute ikasturtea familia parte hartzaileek: Positiboan hezteak mugarik ez jartzea dakar?. Eztabaida saioa martxoaren 18an egingo dute, San Frantzisko Herri Eskolan.
Izen-ematea.
Saioetan parte hartu gura dutenek aurretik izena eman beharko dute, saio bakoitzeko informazio karteletan agertzen den QR kodearen bitartez. Era berean, saioak aurrera eman ahal izateko gutxienez 4 pertsona izena emanda egon beharko direla zehaztu dute. Gehienez, berriz, 30 izango dira saio bakoitzean parte hartu ahal izango dutenak. Saio guztiak doakoak izango dira.
Programaren inguruan informazio gehiago jaso gura duten familia edo banakoek 675 02 50 18 edo 94-617 91 58 telefono zenbakietara deitu edota bermeoprebentzioa@etorkintza.org helbide elektronikora idazteko aukera dute. Aurrez aurreko arreta, berriz, 09:00etatik 14:00etara arteko ordutegian izango da, martitzen, eguazten eta eguenetan.