Euskal Herriko Pirenaika arrazako 38. lehiaketa hartuko du Gernika-Lumok
Urriko Lehen Asteleheneko Azokan [urriak 6] banatuko dituzte sariak.
Urria hilabete berezia da Gernika-Lumon. Urriko Azken Asteleheneko Azoka jendetsuena izaten bada ere, lehen astelehenekoak ere badauka bere zeregina. Urtero legez, Euskal Herriko Pirenaika arrazako lehiaketa hartuko du Santa Ana aparkalekuak.
38. aldia izango da aurtengoa, eta domekan [urriak 5] hasiko dute. 10:00etan aurkeztuko dute azoka, eta bertan, besteak beste, sagardoa, txakolina eta gazta postuak jarriko dituzte. Herritarren joan-etorriak girotzeko, trikitilariak ariko dira. Euskal Herriko Pirenaika arrazako 38. lehiaketa emeekin hasiko dute 11:00etatik aurrera eta 17:00etan ekingo diote arren sailkapenari.
Urriko Lehen Asteleheneko Azokak 10:30ean irekiko ditu ateak. 13:00etan hasiko dute sari banaketa, eta hurrengoko mailetako sariak banatuko dituzte abereak bertan daudelarik: eme txapelduna, heldu eta gaztea; ar txapelduna, heldu eta gaztea; hazi jartzearen eme txapelduna eta ganadutegi onena.