Ikasle Abertzaleek deituta, “Israelgo estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatu eta Israeli boikota egitea” exijitzeko ikasle grebagaz bat egin dute Busturialdeko ikasleek. Gernika-Lumo izan dute topaleku eta udalerrietako kaleetan zehar Israelek Global Sumud Flotillaren aurka egindako atzematea eta erasoak salatu eta ontzidiko kideei babesa adierazi diete, palestinar erresistentzia aldarrikatuz, eta Israeli “gogor” erantzutearen beharra azpimarratuta: “Mendebaldeko agintariak seinalatu eta presionatu behar ditugu, haien aurpegi zuriketa gogor salatzearekin batera”.
Israelek bai erasoetan, bai gosez milaka palestinar hiltzean, “laguntza humanitariorako bide guztiei eraso egiten eta horiek mehatxatzen jarraitzen” duela eta mendebaldea genozidioaren “konplize” dela salatu dute. Era berean, agintariak presionatzea eta Israelekin harreman oro eteteko borrokatzea ikasleei ere badagokiela gogoratu dute: “Guk argi daukagu bi estatuen konponbidea iruzur hutsa dela; Israelgo estatu sionista existitzen den bitartean, genozidioak eta Palestinaren okupazioak bere horretan jarraituko dute”. Hala, mobilizazioaren deialdian egin legez, ikasleek “Israelen suntsipena aldarrikatu” behar dutela zehaztu dute: “Palestinak bizirauteko duen aukera bakarra da. Israel zuritzen dutenen jarrera eta mezuak seinalatu behar ditugu, baita bi estatuen konponbidearen alde daudenak ere”.
Ikasle Abertzaleek Palestinan hildakoak “70.000 baino gehiago” direla gogoratu eta egoera “une larrienean” aurkitzen dela aldarrikatu dute: “Trump eta Netanyahu jada ari dira Gaza konkistatu ondorengo planak diseinatzen eta kontzentrazio esparruen inguruan hitz egiten”. Egoera horren aurrean, Mendebaldeko agintari gehienek “Palestina desagertzea” helburu duen plana begi onez ikusten dutela salatu zuten.
“Gelditzea ez da aukera”.
Ikama taldeak ere elkarretaratzeak deitu ditu biharko [urriak 3], Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria kolektiboak eta EHUko eta NUPeko Palestinaren aldeko taldeek egindako deialdiekin bat eginda: “Israelek ontzidia blokeatu eta erasotu du. Elkartasun eta babes osoa Global Sumud Flotillan bahituak eta jazarriak izaten ari diren kideei”. Genozidioa gelditu beharra dagoela adierazi dute, ikasleei kalera ateratzea dagokiela zehaztuz: “Gelditzea ez da aukera bat. Jarrai dezagun genozidioa salatzen eta konplize zikin guztien aurka kaleak hartzen; jarrai dezagun Israel suntsitu arte borrokatzen”.