Global Sumud Flotillaren kontrako erasoa salatu dute
Global Sumud Flotillaren eta Gazarako Mugimendu Globalaren deiari erantzunez, Gernika-Lumo, Mundaka eta Bermeon elkarretaratzeak egin ditu Palestinarekin Elkartasun plataformak gaur [urriak 2], udaletxeen aurrean.
Isralek gutxienez Gazara bidean doan Global Sumud Flotillako 39 ontzi atzeman ditu, gutxienez. Erasoa salatu eta “Gazaren setioa salatzeko”, Global Sumud Flotillak eta Gazarako Mugimendu Globalak lantokiak, ikastetxeak eta kaleak hartzeko zabaldutako deiari erantzunez, Hego Euskal Herriko hiriburu eta zenbait herritan deitutako elkarretaratzeak babestu ditu Palestianarekin Elkartasuna plataformak. Horrez gain, beste hainbat herritan ere mobilizazioak deitu dituzte, beraien ekarpena egite asmoz. Bermeon, Mundaka eta Gernika-Lumon elkarretaratzeak deitu dituzte, gaur [urriak 2], 19:00etan, udaletxe aurrean. Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak ere bat egin du Global Sumud Flotillaren eta Gazarako Mugimendu Globalak deialdiekin.
Plataformatik babesa adierazi diete Gazako zerrendara heltzeko bidea egiten saiatu diren guztiei, eta bereziki Israelek atxilotu dituen horiei. Era berean, Palestina askatzeko “bide bakarra” Israel desegitea dela adierazi dute. Gaur egingo diren mobilizazioez gain, Palestinarekin Elkartasunatik zapatuan [urriak 4] Iruñan egingo den manifestazio nazionalarea joatea “garrantzitsua” dela nabarmendu dute.
Elkartasun argazkia. Gernikako Egurre Gazte Asanbladatik ere “ezinbestekotzat” dute palestinar erresistentziaren alde, eta “Israelen desegitea” aldarrikatzeko kalera ateratzea. Horregatik, mural margoketa deitu dute bihar [urriak 3] 16:00etan, gaztetxean. Zapatuan [urriak 4] berriz, udalerriak Euskal Jaia hartuko duela baliatuta, Palestinaren aldeko elkartasun argazkia aterako dute, 20:00etan, Auditorioan.