Helburu guztiak bete ditu MusikEAn zikloaren bosgarren aldiak
Eara musika hurbiltzeko, eta horretan musika klasikoaren aldeko apustua indartzeko helburupean antolatzen dute MusikEAn HEA Kultur Taldeak eta Eako Udalak Agustin Bergararen laguntzagaz. Helburu guztiak bete ditu musika zikloaren bosgarren aldiak, eta "oso pozik" daude antolatzaileak.
MusikEAn musika zikloko bosgarren aldiko kontzertu bat.HEA Kultur Taldea Bosgarren urtez antolatu du Eako Udalak eta Herrijeri Emon Arnasa Kultur Taldeak, Agustin Bergara musika koordinatzailearen laguntzagaz MusikEan, Eara musika hurbiltzeko, eta horretan musika klasikoaren aldeko apustua indartzeko helburupean. Hala, irailaren 25etik 28ra Eskolondoko frontoi egokitua musikaz eta jendez bete zen. Gainera, urtero “aniztasuna ematen” saiatzen dira, urtero gauza desberdinak eginez, hainbat musikari, musika talde eta musika proiektu ezagutarazteko asmoz. Aurten ez da gutxiago izan, ze, Bergararen hitzetan, “orain artekoak gutxietsi barik, inoizkorik maila altuena” izan du MusikEAn musika zikloak. Oro har, azaldu du “helburu guztiak bete” dituela azken edizioak
Jendearen erantzuna ere antzerakoa izan da; 150 pertsonarentzat lekua ahalbidetzen du udalak, eta, beste behin, “aforoa bete” zuten egun guztietan: “Jendea oso pozik geratu da. Ez dute inongo kexarik izan; dena iruditu zaie ederra, bai antolakuntza aldetik, eta baita musika maila aldetik ere. Hurrengo urtekoaren zain daude dagoeneko, esan zigutenez”. Antolakuntzatik ere “harro” agertu dira musika zikloaren bosgarren aldiak izandako arrakastagatik, eta horrek, MusikEAneri aurretik urte asko gelditzea eragiten duela esan dute, edo hala espero dute, behintzat.
Kontzertu guztiak “ederrak” izan dira, eta beraz, guztiei egin nahi izan die aipamen berezia Bergarak, bakoitza bere estiloan “hunkigarria” izan baitzen. Hain zuzen ere, prestatutako egitaraua “bereziki interesgarria” zela aurreratu zuen joan den astean musika koordinatzaileak, eta gaurkoan hitz horiek berretsi ditu. Esaterako, Carlos Goikoetxea “punta-puntako pianista” entzuteko aukera izan da MusikEAn zikloaren azken aldian. Bergararen ikasle izan zen Goikoetxea kontserbatorioan, eta gaur egun “mundu mailako musikaria” dela gaineratu du irakasleak.
Bestalde, Jose Antonio Hontoria akordeoilaria eta Aitor Amilibia txistularia ere oholtzaratu ziren. “Edozein lekutan ikusi ezin den emanaldia” eskaini zutela nabarmendu dute antolatzaileek; jendeari “ikaragarri gustatu” zitzaiola. Iñaki Lagos eta Maite Villatek osatutako bikotearen kontzertuaren erantzuna ere “oso ona” izan da, “gizonek menderatutako mundu batean sortzen jarraitu duten emakumeei” musikaren bidez omenaldia egin baitzioten. Adierazi dute publikoa “oso eskertuta” agertu zela horrekiko.
Haurrentzako tartea.
Azkenik, iazko hitzordua mantendu zuten aurten ere. Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolakoak aritu ziren, alegia, Eskolondoko frontoia girotzen, hainbat musika estilorekin. Esan dute, halaber, herriko gaztetxoenei zuzendutako kontzertua izan zela: “Haurrek erreferenteak izateko era bat da. Eta eurek bezalako haurrak musika jotzen ikustekoa. Uste dugu horrek haurrak musikari eustera bultzatzen lagundu dezakela, edota instrumentu bat edo besteren artean aukeratzen”. Lehen lerroan eseri ziren umeak, eta esan dutenez “asko disfrutatu” zuten SOMEkoen kontzertuaz.
Ean errotuta dago MusikEAn dagoeneko, eta antolatzaileek uste dute udal ordezkariak ere urtez urteko ekimenarekin “pozik” daudela, eta beraz, musika zikloaren edizio gehiago izango direla. Bergarak esan du, baina, “bilaketa eta hausnarketa sakona” egin beharko duela hurrengo urterako musikariak aukeratzeko orduan: “Maila altuko kontzertuak ekartzea gustatzen zait. Musika klasikoaren alor desberdinak bistaratzea oholtzan. Eta beraz, hori betetzen dituzten musikariak ekarri nahiko nituzke MusikEAnen seigarren aldi bat balego”. Hala ere, prestakuntza lanak merezi duela argi esan dute, herrian tankera horrelako ekimen kulturalak antolatzearen beharra, eta horrek izaten duen erantzun positiboa ikusita.