EAJk arau fiskalak bete ez izana leporatu dio udal gobernu taldeari
EH Bildu eta Guzanek osatutako gobernu taldeak arau fiskalak urratu dituela salatu zuen EAJk atzoko [irailak 25] osoko bilkuran; Nadia Nemehk egonkortasun helburuak betetzea kontrolatzen duen txostenaren emaitzak "positiboak" direla zehaztu zuen.
Bermeoko EAJk Guzan eta EH Bildu alderdiek osatutako udal gobernu taldeak arau fiskalak urratu dituela salatu zuen atzoko [irailak 25] osoko bilkuran. Gai-zerrendako puntuetako bat 2024ko kitapenean aurrekontu egonkortasunaren finantza jasangarritasun eta gastu arauaren helburua betetzen dena aitortzen duen txosnaren berri ematea zen eta, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak adierazi zuenez, Bermeoko Udalaren emaitza “positiboa” da, ondorioz, ez du plan ekonomiko berria aurkeztu beharko.
Aurrekontu egonkortasunaren finantza jasangarritasun eta gastu arauaren helburua “superabit egoera batekin identifikatzen da, eta udalak “8.000 euroko superabita” betetzen du. Datu horri doikuntza batzuk eginda, ratio batzuk aztertu behar izaten dira; hala, ezarritako datuak betetzen ez dituzten udalek plan ekonomiko berriak aurkeztu behar izaten dituzte, ez da baina Bermeoren kasua: “Hemen emaitza positiboa da; txostenak dioen modura ratio guztiak betetzen ditugu eta ez dugu plan ekonomiko berria aurkeztu behar”.
Idoia Platas zinegotzi jeltzaleak txostena “arau fiskal bat bete ez delako” egin behar izan dela nabarmendu zuen: “Bi arau betetzen dira, baina beste bat ez. Ez da betetzen aurrekontuen oreka“. Izan ere, udal gobernu taldeak aurrezkiak “gastu arrunt puntualak” ordaintzeko erabili dituela gehitu zuen, kudeaketa ekonomikoa salantzan jarriz: “Duela hilabete batzuk ohartaratzen ari garen egoera da, kontuak ez dira ondo kudeatzen ari. Udalek arau fiskal batzuk bete behar dituzte, eta horietako bat da aurrekontu egonkortasuna, sarrera ez-finantzarioak gastu ez-finantzarioen berdinak edo handiagoak izan behar direla. 2024an Bermeoko Udalean ez zen arau hori bete”.
Hala, gobernu taldea gertatutakoa “desitxuratzen” saiatzen ari dela salatu zuen Platasek, EAJtik 2024ko likidazioa aurkeztu zutenetik aurrezkiak gastatu direnaz ohartarazi nahian aritu direla azpimarratuta: “Udala behar izanez gero maniobrarako tarterik gabe utzi zen”.