Itsasoarenganako maitasuna eta errespetua trasmititzea helburu
CIMASUB Tour 24/25ak Bermeon izango du hurrengo geldialdia, udalerriko 21. Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloarekin. Urriaren 2an, 9an eta 16an film-laburrak eta dokumentalak ikusteko aukera egongo da Nestor Basterretxea aretoan, doan. Erakusketa eta ikastetxeentzako Txikizikloa ere ez dira faltako.
Itsas hondoa ezagutaraztea eta harenganako maitasuna eta errespetua transmititzea helburu duen CIMASUB Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak Bermeon izango du hurrengo geldialdia. 48 edizioren ostean itsaspeko zinemaldirik luzeena izateaz gain “mundu mailan erreferente” den zinema zikloak 21. aldiz bisitatuko du kostaldeko udalerria, eta antolatzaileek adierazi dutenez, urpeko irudiaren profesional onenen irudiez gozatzeko “aukera paregabea” da. Hala, interesdunek urriko hiru eguenetan —urriaren 2an 9an eta 16an— izango dute “zinema-proiekzioen aukeraketa esklusiboaz” gozatzeko aukera, Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da eta ez da aurretiaz sarrerarik jaso beharko.
Bermeoko CIMASUB zinema ziklorako “ikusleak ozeanoaren sakonera” eramango dituen jardueraz beteriko programazioa atondu dute, eta Itsaspeko Zinema zikloaz gain, ez dira itsas espezie “paregabeak” eta urpeko paisaiak erakutsiko dituen argazki erakusketa faltako: “Ozeanoteako txoko harrigarrienetara eramango gaituzte”. Horrez gain, udalerriko hezkuntza zentroetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat prestatutako Itsaspeko Txikizikloa ere egongo da. Zikloak zinema hezitzailearen bidez ikasleek “itsas biodibertsitatea ezagutzea eta ozeanoak babestearen garrantziaz ikastea” du helburu. Erakusketa urriaren 3tik [barikua] 12ra [domeka] bisitatu ahalko da, Nestor Basterretxean bertan, 19:00etatik 21:00etara arteko ordutegian. Txikizikloa, berriz, urriaren 2an egingo dute, 10:00etan.
Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat lelopean, CIMASUB Tour 24/25etik “ozeanoen esentzia” harrapatzeko gaitasuna duten argazkilari eta zinemagileen lana agerian utzi nahi izan dute aurten: “Sortzaile horientzat irudi bakoitza erantzukizun ekintza bat da, itsas ekosistemen edertasuna eta zaurgarritasuna erakusten diguna; publikoarentzat, berriz, begirada bakoitza aukera bat da kontzientzia hartzeko eta ingurumenaren alde jarduteko. Hala, urriaren 2an, 9an eta 16an Nestor Basterretxeara hurbiltzen direnek “itsas munduaren hainbat alderdi” aztertzeko aukera edukiko dute, film labur eta dokumentalen bidez.
Hiru saio, hiru dokumental.
Zinema zikloko hiru saioetako bakoitzean dokumental bat eta hainbat film labur ikusteko aukera egongo da, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, saio bakoitza “erabat ezberdina” da. Urriaren 2ko saioa ikusleak “arrezife koloretsuetatik Atlantikoko ur hotzetara” eramango dituen proiekzio sorta “indartsu” batekin hasiko dute aurten: “Proiektatutako obra bakoitzak itsaspeko munduaren edertasunaz, arriskuaz eta hauskortasunaz hausnartzera gonbidatzen gaitu”. Hala, Shark Man – The Depths Within (Peter Loeseke), Kaññaikoi – El mar de las meigas (Jorge Martinez), A Day in Reef City (Luca Keller) eta Nadar con Fantasmas (Damian Ramos) izango dira lehen saioan ikusi ahal izango diren film laburrak.
Lehen hitzordua iztearen ardura Telmo Iragorri eta Manuel Coronadoren Urak Lawoi, Brothers of the Sea dokumentalaren esku geratuko da. Tailandian grabatutako lanak CIMASUB 2024 lehiaketan Brontzezko Baranda jaso zuen eta bere kultura itsasoaren inguruan eraiki duen Koh Lipe irlako herri arrantzale bateko biztanleen bizitza kontatzen du: “Antzinako arrantza-teknikek komunitate hori arriskuan nola jartzen duten aztertzen du, eta gogoeta sakona uzten digu tradizio horiek eta itsas oreka zaintzeko beharrari buruz”.
Bigarren egunean (urriak 9) “ozeanoaren oreka delikatuari” eta bere biziraupena bermatzeko beharrezko ekintzei buruzko hausnarketa sustatzen ahaleginduko dira antolatzaileak, eta horretarako, proiekziorako aukeratu dituzten film laburrek eta dokumentalak “itsaspeko munduaren edertasunari eta gaur egun dituen erronkeri buruzko ikuspegi paregabea” eskainiko dute. Hala, A Dragon´s Dance (Dean Spraakman), Equilibrio: El balance oculto del océano (Juan Carlos Garcia), Anima Oceani (Rafael Herrero), Islas Cies: biodiversidad amenazada (Jose Irisarri), Sharks (Leandro Blanco) eta Momentos (Juan Carlos Rando) film laburrak eta Rafael Herreroren Islas Canarias, Arrecifes de Lava dokumentala ikusteko aukera egongo da. Ia ordu beteko iraupena duen lanak Kanarietako artxipelago sakonera eramaten du ikuslea, “laba arrezifeen sekretuak eta dibertsitate berezia” aztertuz. Zilarrezko Baranda eskuratu zuen ikus-entzunezkoa “planetako ekosistemarik muturrekoenetako batean loratzen den bizitzaren ospakizuna” da, harrigarri bezain hauskorrak diren paisaiak kontserbatzearen aldeko deia egiten duena.
Urriaren 16koa hirgarren eta azken saioa izango da, gizakiak ozeanoengan duen eraginari buruz hausnartzea helburu duena. Red Alert on Corals (Olivier Bourgeois eta Emma Josefina Pettersson) lanak irekiko du saioa. Jarraian, Raja Ampat, The last Paradise (David Galvan), A truly Plastic Neutral Fishery (Pepe Brix), Magic of Macroverse (Alfred Schaschl) eta Heart of the Sea (Shireen Rahimi) film-laburrekin jarraituko dute. Dokumentala, berriz, Urrezko Baranda irabazi zuen Felipe Ravina eta Jose Hernandezen Nika – El calderon tropical izango da. Ikus-entzunezkoak protagonistaren eta kalderoi tropikal baten harteko harremana jorratzen du eta Kanariar Uharteetan kokatzen da. Azaldu dutenez, kalderoiagaz duen topaketak Tenerifeko biodibertsitatea babesteko beharrari buruzko kontzientzia pizten du protagonistarengan, eta aldi berean, “uhartearen gehiegizko ustiapenari” ere heltzen die: “Garapen iraunkorrago baten aldeko oihua egiten da”.
Txikizikloa.
CIMASUB Tour 24/25eko jarduera “garrantzitsuenetakoa” bilakatu da Itsaspeko Txikizikloa, ozeanoko enbaxadoreen eta ingurumenaren defendatzaileen hurrengo belaunaldia prestatzea baitu helburu. Hala, urriaren 2rako antolatutako saioan, ikasleek itsas-kontserbazioa, klima-aldaketa eta itsaspeko bideobidertsitatea bezalako gaiak izango dituzte hizpide, hezkuntza-film laburren proiekzioan parte hartzeaz gain, itsas munduko adituen hitzaldiak entzuteko aukera edukiko baitute. Aurreratu dutenez adituek itsasoak dituen arazoak azalduko dizkie ikasleei, eta aldi berean, hori babesteko irtenbideak zeintzuk diren azaldu ere.
Hitzordua iritsi bitartean, antolatzaileek emandako material didaktikoa baliatute, ikasleek ikasgelan ere lanketa egiteko aukera izango dute, haurrak ezagutzak eskuratzeaz gain, planeta babestu asmoz “beraien eguneroko bizitzan jardutera bultzatuko dituen ingurumen kontzientzia garatzeko”.
Familientzako eskaintza.
Xabier Ortuzar Bermeoko alkateordeak Bermeoko Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa ume, gazte eta helduentzako pentsatuta dagoela azpimarratu du: “Familientzako eskaintza da”. Horregatik, zinemaldiagaz bat egin eta urriko eguenetan Nestor Basterretxeara hurreratzeko deia egin die herritarrei. Agerraldia Izaro Sub kirol taldearen lana eskertzeko ere baliatu du zinegotziak: “Eurek dira urtero urtero gure portuko itsaspea garbitzen dutenak; eurak dira harribolak, itsasertzak eta denak garbitzen aritzen direnak, egunero gure ingurunearen jasangarritasunearen aldeko begirunea erakusten dutenak. Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik”. Izaro Subetik ere “pozik” agertu dira zinema zikloa Bermeora itzultzeagaz, “gauza interegarriak” ikusteko aukera eskaintzen duelako; hala, Bermeoko Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloagaz bat egitera animatu gura izan dituzte herritarrak.