Bermeoko Artzan erabakiko da Udako MLK Txapelketa
Artza pilotalekuak Udako Master Laboral Kutxa Txapelketaren final handia hartuko du datorren domekan [irailak 28]. Aldaik eta Bergarak Ibarrolaren eta Gaminderen aurka neurtuko dituzte indarrak. Lehenago, hirugarren eta laugarren postuetarako lehia egongo da; Etxegaraik eta Capellanek Zabaleta eta Bertiz izango dituzte aurrez aurre.
Urrezko Ligaren 25 jaialdiko ibilbideak Bermeon ikusiko du amaiera. Udako Master Laboral Kutxa esku pilota txapelketaren final handia Artza pilotalekuan erabakiko da, datorren domekan [irailak 28], 12:00etan hasita. Txapelketa gogorra, borrokatua eta berdindua izan da, eta azken txanpa baino ez da falta, hura biribiltze aldera. Pilotaren historia liburuetan gordetzeko moduko jardunaldia izango da domekakoa; izan ere, Artza moduko pilotaren tenplu entzutetsu batek ez du sekula hartu emakumezkoen finalik.
Finalaurreko fasearen ondoren, final irekia eta iragartzen gaitza geratu dela aditzera eman dute antolatzaileek. Alde batetik, Aizane Ibarrola uhartetarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak bikote urdina osatuko dute; Amaia Aldai dimoztarrak eta Arrate Bergara tuterarrak gorriz jokatuko dute. Aldaik, alde fisikotik mugatu duen sasoi gaitz bat atzean utzita, bere ohiko maila eta jokoa berreskuratu ditu apurka-apurka aurtengo udan, eta finalerako sailkapena merezimendu osoz eskuratu du. Bere bikotekide Bergarak erregulartasunaren saria jasoko du finalean; izan ere, udako lehia abiatu zutenez geroztik, sobera frogatu du partiduz partidu maila oso handia duela eta oparirik egiten ez duen atzelari puntakoenetako bat dela egun: “Indibidualki gustora nago, baina egia da bikoteagaz jolastean, Amaiak ere konfiantza ematen didala. Bera ere nirekin gustura aritzen da, eta astero batera entrenatzen dugunez, frontoian ere ikusten den konplizitatea garatu dugu”.
Hala, “behetik gorako txapelketa” eginda, Aldai eta Bergarak “momentu nahiko onean” helduko diote Udako Master Laboral Kutxa txapelketako finalari: “Finalean dena zerotik hasten da, berdintasunean, eta beraien kontra jokatu ditugun partiduetan egia da beraiek iritsi direla 22ra, baina gure egiten badugu uste dut irabazteko aukerak izango dugula”. Aurreko partidua oinarri, bikote urdina “atzealdea kargatzen” ahaleginduko dela uste du Bergarak: “Badakigu Amaiak ze potentzia daukan, eta bera pixka bat saihesten saiatuko dira, baina hor egongo naiz ni, eusten saiatzen”. Lortzen baldin badu eta Aldai jokoan sartzen baldin bada, jokoaren abiadura aldatu ahalko dutenaren konfiantza du: “Hor egon daiteke finalaren gakoa”.

Arrate Bergara eta Enara Gaminde pilotariak, finalaren aurkezpenean.
Aurkariei dagokienez, ez dira inonik inora ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Ibarrola da, beharbada, tankerako final handi batean eskarmentu gutxien edukiko duen pilotaria, baina azken neurketetan frogatu du aurrealdean partiduak iraultzeko gai dela, pilotari beste martxa bat sartuta eta bizitasun handiz. Gainera, bizkarrak ederto jagonda edukiko ditu nafar gazteak. Gaminde fidagarritasun gehien eskaintzen duen atzelarietako bat da, partiduak presiopean jokatzea ondo dakiena eta, hori gutxi balitz, atzealdeko koadroak dominatzen dakiena: “Esperientzia izatea ona da; final nahikotxo jokatu ditut jokatu ditut eta nahiko lasai joaten naiz partidetara. Zentsu horretan Aizane laguntzeko prest nago, ez delako erraza honelako final batean presiorik ez sentitzea, ziur elkarri lagunduko diogula”. Bikote sendoa osatzen dute biek, ez da ezelan ere kasualitatea iazko San Fermin Torneoa poltsikoratu izana. Hala, Urrezko Liga “perfektua” egin ostean —hiru partiduak irabazi dituzte— bikote urdina “konfiantzarekin” ailegatuko da domekako hitzordu handira, baina hala ere, final “gogorra” aurreikusten du Gamindek: “Urrezko Ligako partida oso luzea izan zen, pilota askokoa eta finala ere antzekoa izango da, laurok gure onena emanez gero, oso parekatua”. Ea daukagun konfiantza hori aprobetxatu ahal dugun”.
Finalaren atarian, Laboral Kutxaren ordezkari Alvaro Parro lehiaketak uda osoan zehar emandakoagaz oso asebeteta agertu da. Emakumezko pilotarien maila “nabarmen goa egiten” ari dela adierazi du: “Hauspotze horrek pilotazaleak frontoietara erakarri ditu azken hilabeteotan, eskuzko pilotari onenen jokoaz gozatzeko”. Bermeoko finala EITBk emango du.

Partidu nagusi hori, alabaina, ez da Artzako erakargarri bakarra izango. Txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak airean daude, eta, horiek erabakitzeko, lehia estua dago aurreikusita. Madalen Etxegarai oñatiarrak eta Andrea Capellan errioxarrak bikote gorria osatuko dute; Goiuri Zabaletak eta Nahia Bertizek osaturiko binomio leitzarrak, berriz, ekuazio urdina. Finala ez ezik, nerketa horrek ere ezin estuagoa izateko osagai guztiak ditu.