Pasealekuak hartuko du moda desfilea aurten
Gernikako Merkatari Elkarteak moda desfilea antolatu du hirugarren urtez, eta tokiko merkatariek euren produktuak kalean erakusteko aukera izango dute, etzi [irailak 26]. Hori bai, aurten Pasealekuan izango da hitzordua, 19:00etan.
Udalerriko merkatariek kalean erakutsiko dituzte euren eskaintzak berriro. Gernikako Merkatari Elkartuen elkarteak moda desfilea antolatu du hirugarren urtez, eta tokiko merkatarien produktuak kalean ikusteko aukera izango dute herritarrek, etzi (irailak 26), 19:00etan. Hori bai, aurten, Pasealekua izango dute eszenatoki. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia hurrengo asteko barikuan izango da.
“Desfilea gunez aldatu dugu Picasso kaletik Pasealekura, gune berri horretan erosoago egongo garenaren ustean; izan ere, txiki geratu zaigu Picasso kalea”, azaldu du Noelia Serna Gernikako Merkatari Elkartuen presidenteak.
Ekimenagaz udalerriko eskaintza komertzial “zabala eta askotarikoa” erakutsi gura dute aurten, eta hala baieztatu du Rosa Rementeria antolatzaileetako batek: “Desfile hau Gernika-Lumoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorekoen lana balioan jartzeko eta berresteko ekimena da, euren aniztasuna erakustekoa eta kalitate horren erakusleiho izatekoa. Gernika beti izan da kalitatezko merkataritzaren eredu, eta desfileagaz hori indartu gura dugu, eta jendeari ikusarazi gura diogu kalitatea badagoela, eta profesional bikainak ditugula”.
Izan ere, desfilea tokiko kontsumoaren garrantziaz sentsibilizatzeko estrategian eragiteko “modu ludiko eta profesionala” ere bada. “Merkatariei laguntzeko asmoz antolatzen da ekitaldia, Gernika bizirik mantentzeko helburuz, eta, ondorioz, denda eta tabernak bizirik izateko asmoz. Eta oso pozik gaude, ze erantzun ona izaten du, eta desfilatzen aritzen direnak ere gustura ibiltzen dira”, gehitu du Rementeriak.
Udalerriko 30 dendak eta 100 pertsona inguruk parte hartuko dute desfilean, eta herritarrak izango dira protagonista nagusiak. Izan ere, modeloak ez dira profesionalak, Ross dantza eskolako ikasleak eta herriko zein eskualdeko herritarrak dira, adin guztietakoak. Aurten, gainera, Fenomenoak taldekoek ere parte hartuko dute. “Herritarrak gara desfilatuko dugunak, eta denon formak erakusteko aukera bat da guretzako. Laguntzeko batu gara moda desfilera”, azaldu du Itxaso Hormaza Fenomenoak taldeko kideak.
Hala, Pasealekuaren erdian jarriko duten metro biko pasabide gainean ibiliko dira herritarrak, eta pasabide horren inguruetan eserlekuak jarriko dituztela aurreratu dute. Horrez gain, ekitaldia uneroko jarraitu ahal izango da, horretarako egokituko dituzten bi pantaila handiren bidez. Egonaldi hori, hain zuzen ere, Mitxel Santamariak eta Ainhoa Etxebarriak gidatuko dute.