Udal kirol-jardueraren kudeaketa errazteko aplikazio berria du Areneko kiroldegiak
Bermeo Kirolak App mugikorretarako aplikazioaren bitartez Areneko kiroldegiko erreserbak, izen-emateak. ordaindiketa eta kirol-zerbitzuen kontsultak mugikorretik egiteko aukera izango dute bermeotarrek.
Bermeotarrei udal kirol-jarduera guztia “modu azkar eta errazean” kudeatzeko aukera emango dien Bermeo Kirolak App aplikazio berria jarri du martxan Bermeoko Udalak. Mugikorretan erabili daitekeen aplikazioaren bidez, Areneko kiroldegiko erabiltzaileek instalazioak erreserbatzeko, ikastaro eta jardueretan izena emateko, aforoak kontsultatzeko, bonuak eskuratzeko, ordainketak kudeatzeko edota udalerriko kirol zerbitzuen inguruko informazioa jasotzeko aukera edukiko dute.
Xabier Ortuzar Butroi kirol zinegotziak adierazi duenez, sarbidea, kudeaketa eta parte hartzea erraztuz “kirola herritar guztiengana hurbildu” gura dute, eta Bermeo Kirolak App aplikazioarekin zerbitzuen modernizazioan “beste urrats bat” ematen ari dira: “Digitalizazioaren eta gure kirol-zerbitzuen etengabeko hobekuntzaren aldeko apustu argia da”. Izan ere, aplikazioak QR kode bidezko sarbidea dauka, “instalazioetara sartzea erraztuz eta aurrez aurreko izapideak saihestuz”. Aplikazioa dagoeneko erabilgarri dago mugikorretarako plataforma nagusietan.
Hobekuntza lanak.
Urtero egin beharreko mantenu lanak aurrera eramateko bi astez itxita egon ostean, Areneko kiroldegia berriro ere erabilgarri dute bermeotarrek. Udaletik iragarri dutenez, hainbat izan dira aurten instalazioetan egindako lanak, hala nola, beheko gimnasioan margotze lanak eta irisgarritasuna hobetzeko lanak, fitness gimnasiora doan korredorean 29 armairu kokatzea edota kiroldegi osoari garbiketa bereziak (igerilekuko kristalak, aldagelak, gimnasioak, altuerako kristalak, lurzoruaren garbiketa mekanikoa…).
Era berean, igerilekuetan “mantenu lan sakonak” egin dituzte: igerilekuak hustu, garbitu eta iragazgaite lanak egin dituzte, baita zirkuituen garbiketa eta inguruen egokitzapena ere. Horrez gain, ur bero eta hotzeko zirkuituetan legionelaren aurkako tratamendua eta intsektuen, arratoien eta mikroorganismoen aurkako DDD tratamendua ere egin dute.
Ikasturte berria.
Mantenu lanak eginda, ikasturte berria hartzeko prest dago kiroldegia. Hala, 2025-2026 ikasturterako “adin guztietarako jarduerak” biltzen dituen eskaintza atondu dute. Gelako ikastaroei dagokienez, pilates, hipopresiboak, Bizkar Osasuntsua, Fit Balance, 60+ eta Biking +60 jarduerak izango dituzte aukeran herritarrek. Ur jarduerei dagokienez, berriz, eskaintza zabala prestatu dute: 3 eta 14 urte bitarteko umeek igeriketa eskola izango dute aukeran (Uretan Jolasean, Akuateka, Hamorrotza, Estiloak, Gazte Training eta Hastapen Gazte), eta adinduek, berriz, hastapena, hobekuntza eta entrenamendua artean aukeratuko ahal izango dute. Saioak ordu eta maila ezberdinetan banatuko direla aurreratu dute.
Ikastaroak urretik ekainera bitartean garatuko dira, eta ordaindu beharreko kuota hilekoa izango da. Zehaztu dutenez, kudeaketa salmenta makinetan, udal webgunean eta berrikuntza legez, Bermeo Kirolak App aplikazioaren bidez egin ahal izango da.