Gu musiketan tailerra, edadetuak bizitasunez bizitzeko
Tailerra Nagusiak bizitasunez bizitzen programaren barruan kokatzen da, eta 65 urtetik gorako herritarrei musika bidezko esperientzia "aktibo eta aberasgarria" eskaintzea du xede. Irailaren 30a [martitzena] da izena emateko azken eguna.
Bermeoko Udalaren musika eskolak Gu Musiketan izeneko tailerra eskainiko du, 65 urtetik gorako herritarrei musika bidezko “esperientzia aktibo eta aberasgarria” eskaintzeko asmoz. Tailerra udalaren Nagusiak bizitasunez bizitzen programaren barruan kokatuko da.
Musika saioak astean behin eskainiko dituzte, eguenetan, 12:30etik 13:30era bitartean, musika eskolan bertan. Aurreratu dutenez, ordu beteko saioetan parte hartzaileek kanta, memoria, erritmoa eta mugimendua landuko dituzte, “burua eta gorputza modu dinamikoan aktibatuz”. Helburua musika sentitu eta taldean bizitzea izanik, parte hartzeko ez da aurretik musika ezagutzarik izatea eskatuko.
Hala, tailerrean izena eman gura duten herritarrek irailaren 30era arte [martitzena] dute horretarako aukera, musika eskolan —94-617 91 56— edota Gizarte Ongizaten —675 91 68 56—. Zehaztu dutenez, gehienez 21 lagunek parte hartu ahal izango dute tailerrean, horregatik, eskaria altuagoa balitz, esleipena zozketa bidez egingo litzateke urriaren 3an [barikua], 11:00etan, musika eskolan. Nabarmendu dutenez 75 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute, lekuen bi herena betez, eta gainerako lekuak, berriz, 65 erta 74 urte bitartekoentzat gordeko dira.
Udaletik azpimarratu dutenez, ekimen honek udalak adineko pertsonen ongizatearekin duen konpromisoa berresten du, “musikaren indar eraldartzailearen bidez, horien topagunea, parte-hartzea eta garapen pertsonalerako espazio bat eskainiz”.