2.110 euro bildu ditu Barbero Solidario elkartasun jaialdiak
Kirol egokitu eta inklusiboaren aldeko jaialdia Merkatu plazara lekualdatu behar izanaren eragina nabaritu badute ere, datorren urtean Haszten kirol elkartearentzat "ekintza garrantzitsuenetakoa" bilakatu den elkartasun festa antolatzen jarraitzeko prest agertu da Sorkunde Ordorika.
Bosgarren urtez, kirol egokitu eta inklusiboaren aldeko Barbero Solidario elkartasun jaialdia hartu zuen Gernika-Lumok, atzo [irailak 21]. Aurreko urteetan bezala, Industria kalea ile eta bizar mozketaz betetzea zen Sorkunde Ordorika ekimenaren bultzatzailearen nahia, baina eguraldi ezegonkorrak jaialdia Merkatu plazara lekualdatzera behartu zuen. Aldaketak “negatiboki” eragin bazuen ere, Haszten kirol elkartearentzat 2.110 euro biltzea lortu zuten.Ā
Jaialdi solidarioaren aurreko egunak zerura begira eman ostean, bezperan hartu zuten jaialdia lekualdatzearen erabakia, herritarrei denboraz jakinarazteko asmoz, baina erantzuna ez zen esperotakoa izan: “Azkenean ez zuen horren eguraldi txarra egin, betiko lekuan egin ahal izango genuen”.
Industria kalea asteburuetan jende asko biltzen duen “gune estrategikoa” da, ez ordea Merkatu plaza eta Ordorikarentzat “pena” izan da: “Jende gutxi ibili da aurten. Goizean apur bat aspertuta ibili ginen eta gero zeozer mugitu bazen ere, pena bat izan zen. Azkenean bertara joan behar duzu zehazki, eta Industria kalean, tabernetara datorren jendeak zerbait dagoela ikusten du eta ilara egon arren, jendea ilea edota bizarra moztera animatzen da, edo zozketako tiketak erosten dituzte.. Giroa sortzen da”.Ā Izan ere, elkartasun jaiak azken urteen baino diru gutxiago bildu du aurten; iaz 3.344 euro batu zituzten, 2023an 2.700 euro eta aurten, berriz, 2.110 euro: “Apur bat tristea izan da”.

Haszten kirol elkartetik, berriz, Sorkun ileapaindegiaren ekimenak utzitakoagaz pozik agertu dira, elkartearen “ekintza garrantzitsuenetakoa” bilakatu dela aitortuz: “Izugarria izan zen, jaialdiak ez zuen utzik egin. Eskerrik asko parte hartu zuten guztiei”. Jaialdiaren sorreratik Ordorikak argi izan du dirua Haszten elkartera bideratu gura duela, eta jaialdiak iraun bitartean hori horrela mantenduko dela ziurtatu du: “Ez dut inoiz aldatuko. Bosgarrena egin dugu aurten, ezta dakigu zenbat egingo ditugun, ea hamarrera heltzerik dugun, baina beti Haszten elkartearentzat izango da”.Ā
Denetariko ekimenak.
Urterik urte asko dira ekimenagaz bat egiten duten Gernika-Lumoko elkarte edota eragileak, jaialdiaren egitaraua osatzeko “ezinbestekoak” direnak. Beste urte batez, Elai Alai dantzari taldearen jai hasierako aurreskuagaz ekin zioten ekitaldiari, eta goizean zehar, asko izan ziren merkatu plazatik igaro ziren taldeak. Bertaratu zirenek Sustabiz Fundazioaren eskutik herri kirolak ezagutu eta IƱaki Rafael, Zihara Zabala eta Jon Onaindiaren harri jasotze erakustaldiaz gozatzeko aukera eduki zuten, baita DaiBai Skateboarding-egaz skatea probatzeko aukera ere. Batukada Danbayan eta Ross Dantza Eskola izan ziren, bestalde, plazan bildutakoak dantzan jartzearen ardura hartu zutenak.Ā

Ekintzek aurrera egin bitartean, hamaika txokotatik iritsitako bizargin, ile-apaintzaile eta estetizistak herritarren ile eta bizarrak mozten aritu ziren, eta batzuk manikura egitera ere animatu ziren. Hala, guztira 135 zerbitzu eskaini zituzten.Ā
Hurrengorako gogotsu.Ā
Ordorikak elkartasun jaialdiaren atzean dagoen “lan handia” nabarmendu du, udaletxean dagokion baimena eskatzeaz gain, jendeari, babesleei eta taldeei antolatzeko denboraz abisatu behar zaiela azpimarratuta. Gainera, inguruko taldeez gain, handik eta hemendik datozen profesionalen agendak ere kudeatu egin behar izaten dira: “Kordoba, Santander, Errioxa… leku askotatik datoz, eta antolatu egin behar dira, lo egiteko tokia lortu behar zaie…”.Ā
Horregatik, aurtengoak utzitakoagaz pozik egon ez arren, laguntzaileen babesa eskertu eta, ilusio eta motibaziorik galdu gabe, hurrengoan pentsatzen hasita dago dagoeneko Ordorika: “Hurrengoa 2026ko irailaren 20an izango da. Espero dut euririk egin ez eta betiko lekuan gauzatu ahal izatea”.