Orbel ekinozioa ospatzeko hitzordua
Ekliptika kultur zikloaren hirugarren hitzorduan batuko dira Bermeon, bihar [irailak 20]. Argazkia, auzolana eta "zuzeneko esperimentalak" uztartuko dituen egitaraua prestatu du Must kooperatiba txikiak.
Udaberrian jarri zuen martxan Must kooperatiba txikiak Ekliptika, eguzkiaren eta urtaroen zikloarekin bat egiten duen kultur zikloa. Udaberriko ekinozioa eta udako solstizioaren ostean, hirugarren hitzordua jarri dute biharko [irailak 20], orbel ekinozioa ospatzeko.
Udazkeneko ekinozioaren jaiak dekonstrukzioa eta inprobisazioa izango ditu ardatz, antolatzaileek aurreratu dutenez: “Erreparatu egingo diogu orbelari, adarretatik berenganera eroritako orriei, negua pasatzera datozen hegaztien soinuei, iluntzen doazen arratsaldeei, zarata esperimentalei eta mugimendu inprobisatuei”. Horretarako, egun guztiko egitaraua atondu dute; goizean bi ekintza egingo dituzte, batitetik, argazkiak, eta, bestetik, auzolana. Azaldu dutenez, lurrera eroritako hostoak batuko dituzte, eta horrez gain, “konpostagailu piloto bat” martxan nola ipini daitekeen ikasiko dute. 11:00etan jarri dute hitzordua Talako kantinan, eta edonor bertaratu daiteke. Argazkiari dagokionez, makalari aterako diotela zehaztu dute: “Kantina alboan dagoen zuhaitz handiari udaberrian atera genion beste bat. Orduko hartan oraindino hosto barik zeuden adarrak, neguaren hotzetik astiro esnatzen. Oraingoan, hostoz beteta daude adar horiek, eranzten hasita badago ere”.
Argazkien helburua bi ekinoziaoak alderatzea da, eta hori “aurrerago” egingo duten muntaia batean ikusi ahal izango dela zehaztu dute: “Neguko hitzorduan erakutsiko ditugu urte osoan ateratako argazkia, ekinozioen arteko fotoperiodismoa, solstizioen arteko solarigrafia eta lau data seinalatuetan ateratako egunsentiak”.
Soinu esperimentazioa.
Iluntzean jarraituko dute egitarauagaz, “zuzeneko esperimentalek” hartuko baitute Tala. Bertaratzen direnek hiru saiogaz gozatzeko aukera edukiko dute, 20:00etatik aurrera: Myriam RZM, Tumultu eta Aintzira.
Myriam RZM soinu esperimentazioan, inprobisazioan eta perfomantzeetan murgiltzen den artista da, eta biharko zuzenekoan ekinoziorako bereziki prestatutako txorien grabazioak eta zarata elektrikoak uztartuko dituela aurreratu dute. Tumultu berriz, “ibilbide eta eskarmentu handiko” Bermeoko lau musikarik osatzen dute: Edorta Izarzugaza, Sergio Llanos, Aingeru Torre eta Esteban Valcarcel. Taldeak “inprobisazioan oinarritutako musika konglomeratua” eskainiko du. Azkenik, Garazi Gorostiaga soinu ekoizleak eta Izarne Oiarzabal dantzariak sortutako Aintzira proiektuaz disfrutatzeko aukera ere egongo da. Tala soinu esperimentalak eta dantza garaikidearen eszenatoki bihurtuko da, 25 minutuko inprobisazio piezan.