Inoiz baino luzeagoa izango da Gilda Txapelketa
Barikuan [irailak 19] hasiko da eta hurrengo lau asteetako asteburuetara luzatu dute aurten txapelketa.
Gernika-Lumoko Merkatari eta Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak antolatzen duen Gilda Txapelketa inoiz baino luzeagoa izango da aurten. IV. Txapelketa izango da aurtengoa eta bi asteren ordez, lau asteko iraupena izango du. Barikuan [irailak 19] hasiko da eta urriaren 12ra arteko asteburuetan emango dute gildak dastatzeko aukera.
Hurrengokoak dira IV. Gilda Txapelketan parte hartuko duten tabernak: Aretxa, Auzokoa, Azules, Bake Eder, Estanco, Foruria, Hotel Boliña, Isi Bengo, Km0, La Boca, Madariaga, Musutruk, Oiz Bide, Omago Txiki katetegia, Sakone, Topete eta Zallo kafe bar.
Azken bi urteetako arrakasta ikusirik, aurten ere Gilda Txapelketak bi kategoria izango ditu: gilda tradizional onena eta gilda berritzailea. Horrez gain, iazko oinarri berdinak mantenduko dituzte, hau da: “Lehen gilda bakarra janda zozketan parte hartzen zen. Aurton, bozkatzeko eta zozketan parte hartzeko hiru gilda jan beharko dira”.
Horretarako, tabernetako zerbitzariek bezeroei txartela duten galdetuko diela azaldu dute antolatzaileek, eta ez izatekotan, eman egingo dietela. Txartel horietan jandako gilda bakoitzeko sigiluak ala firmak batzeaz gain, gehien gustatutako gilda zein tabernetakoa den jarri beharko dute eta hautetsontzian sartu. Horrenbestez, hiru sari banatuko dituzte gilda tradizional eta berritzaileaz gain, herritarren gustukoenak eta saria jasoko du.
Hori gutxi ez, eta Gernika-Lumoko Merkatari eta Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak bestelako sariak ere zozketatuko ditu herritarren artean. Haien botoa ematen dutenek edo gilda bat jaten argazkia atera, Instagramera igo eta @gernikakomerkatarielkartuak aipatzen dutenek hurrengoko sari bana jaso ahalko dituzte: 100 euro, 2 pertsonentzat 5 txakoli eta gilda dastaketa eta Bizkaiko txakolin sorta.