Bermeoko Bandera aurkeztu dute, zapatuan jokatuko den estropadaren atarian
Arrantzaleen Museoko aurrean egin dute gaur eguerdian (irailak 17) XLIII. Bermeoko Banderaren aurkezpena. Aurten ere, bigarren urtez jarraian, Piskin Marinoil enpresak hartuko du babesletza, udalarekin batera.
Nadia Nemeh alkatea, Xabier Ortuzar alkateordea, Bermeo-Urdaibai Arraun Elkarteko Agustin Aranburu presidentea eta Naroa San Millan lehendakaria elkartu dira bandera aurkezteko agerraldian. San Millanek banderaren garrantzia nabarmendu zuen: “Etxeko estropada beti da berezia, eta herriak ilusio handiz bizi du. Guk badakigu etxeko estropada beti izaten dela zailena, presioa eta ardura handia direlako, baina horrek ere indarra ematen digu”.
Zapatuan [irailak 20] Bermeoko portuak ikusmin berezia piztuko du. Izan ere, nahiz eta Oriok jada Eusko Label liga eskuan izan, aukera izango du historian orrialde berria idazteko: iaz Urdaibaik lortutako 13 banderen marka hautsi eta 14. garaipena poltsikoratzeko. Sasoi betean dator taldea, Kontxako banderan erakutsitako nagusitasunaren ostean. Eta tentsioa berezia sortuko duen faktore bat ere: Iker Zabala, bermeotar entrenatzailea, aurten Orioren buru dela. Bou Bizkaia utzi, eta Oriora egin zuen salto, eta, orain, bere etxea izan denaren uretan izango du aukera Urdaibairekin iaz erdietsi zuen errekorra apurtzeko.
Bou Bizkaiaren urte garratza. Urdaibairentzat, aldiz, sasoi zaila izan da. Iazko hamahiru banderak eta Kontxako garaipena gogoan, aurten ez dute bandera bakar bat ere altxatzerik izan. Hala ere, laugarren postua lortu dute ligan, eta ia estropada guztietan ohorezko txandan aritu dira. Hasierako ezinegonaren ostean, azken asteetan baikorragoa izan da taldearen jarduna. Kontxako sailkapen estropadan maila ona erakutsi zuten, eta Donostiako uretan hirugarren postua lortu izana positibotzat jo dute taldeko buruek.
Naroa San Millan lehendakariak taldearen jarrera nabarmendu nahi izan du: “Helburu batzuk markatu genituen urte hasieran, batzuk bete ditugu eta beste batzuk ez. Zaildu egin zaigu urtea, baina ez gara esku hutsik geratu. Kontxan erakutsitakoa seinale da badugula zerbait gehiago egiteko gaitasuna”.
Taldeko entrenatzaileari buruz ere argi mintzatu da lehendakaria: “Berarekin pozik gaude, sintonia bera izan dugu bi aldeok eta uste dugu beharrezkoa dela proiektuari jarraipena ematea. Horregatik berritu dugu Jon Salsamendirekin, eta 2026an ere berak gidatuko du Bou Bizkaia”.
Lehendakariak honela laburbildu du aurtengo jarduan: “Arraunarena lan progresiboa da. Aurten ez dugu izan zorterik, baina gure helburua argi dago: urtero hobetzea. Datorren urtean maila altuagoan ikustea da gure nahia, eta horretarako lanean segituko dugu”.
Isuntza, herri oso baten ilusioa. Bermeoko bandera ez da etxeko taldearentzat soilik berezia izango. Lekeitioko Isuntzak ere, urte bikain baten ostean, lekua izango du jardunaldi honetan. Zazpigarren postu orokorra lortu zuenez, azken asteburu puntuagarrian ere uretaratzeko aukera izango dute helburu argi batekin: San Juani tartea handitu, eta zazpigarren postua bermatzea.
Kanporaketa fasean, etorkizuna jokoan. Zapatu honetan ez da soilik bandera jokatuko: Eusko Label ligako playoffaren lehen jardunaldia ere Bermeon izango da. Kaikuk azken aukera du mailari eusteko, denboraldi garratz baten ostean. Aurkari izango ditu Santurtziko Itsasoko Ama eta Plentziako Arkote —Eusko Label ligara igo nahi dutenak—, eta Galiziako ligako bi talde indartsuenak: Chapela eta Tiran. Bi postu besterik ez daude jokoan, eta lehia estua espero da.
Emakumezkoetan, Euskotren ligako kanporaketa ere abiatuko da. Donostiarrak ligako plaza defendatuko du, baina aurrean izango ditu Zarautz, Chapela, Tiran eta San Juan. Talde guztiek adierazi dute prest daudela erronka handia gainditzeko.
Osagai guztiak mahai gainean. Bermeoko uretan zapatuan ikusiko dena arraunaren erakustaldi borobila izango da. Orio errekorraren bila, Bou Bizkaiaren etxeko erronka, Isuntzaren ilusioa, Kaikuren azken aukera, Galiziako taldeek ekarriko duten saltsa, eta emakumezkoen kanporaketan bost talde norgehiagoka gupidagabean. Itsasoak eta arraunak, berriz ere, herri osoaren arreta bereganatuko dute. Zapatuan Bermeoko portua izango da ikuskizunaren erdigunea, eta traineruek idatziko dute hurrengo orrialdea.