Antzerki tailerrean izena emateko epea zabalik dago Bermeon
Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bidez, herritarren artean antzerki zaletasuna bultzatzeko tailerrak antolatu ditu aurten ere. Ekimenak euskarazko sorkuntza artistikoa indartzea du helburu, eta horretarako astean behingo saioak egingo dira Gizarte eta Kultura Etxean.
Eguaztenetan izango dira klaseak, 19:30etik 21:30era. Parte hartu nahi dutenek 16 urte baino gehiago izan behar dute, eta 115 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da, eta Berhaz bulegoan egin beharko da tramitea.
Tailerrean gorputzaren eta ahotsaren adierazpena, jendaurreko komunikazioa, pertsonaien eraikuntza edo inprobisazioa landuko dira, besteak beste. Ariketa eta jokoen bidez, antzerki teknikak modu dinamikoan ikastea eta esperientziaz gozatzea da helburua.
Eneritz Artetxe Aranaz izango da irakaslea. Hark gidatuta, parte-hartzaileek erritmoa, testuaren interpretazioa eta ahotsaren proiekzioa bezalako gaitasunak garatuko dituzte, modu praktiko eta sortzailean.
Bermeoko Udalak nabarmendu duenez, tailerrak aukera ematen du bai antzerkigintzan lehen urratsak egin nahi dituztenentzat, bai esperientzia pixka bat dutenentzat. Helburua, azken batean, euskarazko kultur sorkuntzarako gune bat eskaintzea eta herritarren artean antzerkiarekiko interesa bizirik mantentzea da.