Urteroko omenaldia, eta beti bezain hunkigarria
Gaur [irailak 13] egin diote omenaldia Alejandro Mallona Izari eta Marcelino San Antoni, bertan izan dira senideak, lagunak eta herritarrak.
Mundakarrek omenaldia egin diote gaur [irailak 13] 1931n herriko alkate izandako eta faxismoak 1937an eraildako Alejandro Mallona Izari eta hura baino urtebete lehenago erail zuten Marcelino San Anton herrikideari. Bakea eta memoria historikoa oinarri hartuta, eguerdian, Alkatea Mallona plazan elkartu dira herriko kaleetatik kalejira osatu eta gero.
Bai Mallonaren bai San Antonen familiako hainbat kide bertaratu dira Mundakara, omenaldian parte hartzera, eta horiei lore sortak eskaintzera. Bertan, Mundakako Udaleko ordezkari zein adin guztietako herritarrek ere lore eskaintza zein ohorezko aurreskua egin diete alkate izandakoari zein San Antoni, parke horretan Mallonaren omenez jarrita dagoen oroitarrian.
Sorne Rubio alkateak hartu du hitza, “urteroko ekitaldi apal baina polit eta hunkigarri honetan, danok eta danonak gogoan hartzen ditugu”. Hain zuzen ere, nabarmendu nahi izan du “ez dugulako onartzen gurea beste inork idaztea”. Oinen azpian “lurra ikaraz daukagula” adierazi du, azkenaldian euskeraren aurkako oldarraldia aipatu nahi izan du gaurko berbetan, epaitegiek euskera jomugan jarri dutela esan du: Erakundeetan aurrera eraman nahi ditugun lanak epaitegietan blokeatzen ari dira: igaro zirenak igarota, eta handik hona herri legez egin ditugun ahaleginak eginda”.
Hala ere, azpimarratu du herriak ez duela amorerik emango, ez euskeraren arloan, ezta beste ezertan. “Hizkuntza, oroimena, eskubideak, elkartasuna eta askatasuna ez ditugu saltzeko, inoiz ere ez”. Dagoeneko gure artean ez daudenak gogoan izan ditu: “Zuen oroimenak gure barrua baketzen du, eta barruan sentitzen dugun bake horretatik, zuen orduko mina eta samina zerbaitetarako izan zela erakusten ahaleginduko gara”.