Sukalki usainak hartu du Tala
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan gaur [irailak 13] Sukalki Eguna da. Talan elkartu dira kuadrillak bazkaldu bakarrik ez, eguna pasatzeko.
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek hitzordu asko dituzte, bajada beti ere berezia izaten da, irailaren 9ko Arrantzale Eguna garrantzitsua izaten da oso, baina Sukalki Egunak ere kuadrilla asko elkartzen ditu. Hain zuzen ere, gurean tradizioa da janariaren aitzakipean elkartzea. Horretarako eguna gaurkoa [irailak 13] dute Bermeon.
Goizean-Goizetik Talan tokia hartu dute lagun taldeek, bazkariak berak baino giroak eta egun pasak duelako erritualetik eta ohituratik gehiago. Bakoitzak bere txokoa hartu du eta bertan hasi dituzte prestaketa lanak, sukalkia ez delako makarroiak bezala 10 minututan prestatzen. Eta hori, iaz bezala, aurten ere ez dela lehiaketarik izan. Hala ere, kuadrillek mimoz prestatu dute jatekoa.
Nagusiek janaria sukaldatzen zuten bitartean, txikienek ere haien txokoa izan dute Txosna Txikian, talako kantinaren ondoan. Txosna batzordeak antolatuta, lehenengo Txita Toki zirku tailerra izan dute eta gero zirku ikuskizuna. Bitartean Josepa Kale Kale taldea Tala girotzen aritu da eguerdian, jende gehien elkartu den unean. Oraindik badaudelako bakarrik jateko mahaira hurbiltzen direnak. Eguna amaitzeko, suzko zezena egongo da Goiko plazan eta 22:00etan Laprast taldeak erromeria eskainiko du Lameran.
Berezia ere
Nagusien danborradan ere bermeotar askok eta askok parte hartzen dute, hau ere berezia da oso. Atzo [irailak 12] egin zuten Izarra Erraldoi Txikien konpartsa eta Latuna Bando txarangagaz, Gaztelugatxe Danborrada taldeak antolatuta. Ataldetik atera ziren eta Portuzarrera arte heldu ziren, Goiko plazan, Lameran edo zaharren egoitzan geldiuneak eginez.
Argazkia: Txebi Arriaga eta HITZA