Photoka, argazki onenen bila
Photokaren argazki lehiaketak irudi ikusgarriak biltzen ditu urtero. Argazkilaritza zaleek osatutako elkartea da Photoka, eta hamargarrenez antolatu dute lehiaketa, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen eta Espainiako Argazkilaritza Konfederazioaren laguntzarekin.
Profesionalei zein afizionatuei zuzendutako lehiaketa da, eta parte hartu gura dutenek azaroaren 1era arteko epea daukate. Lehiaketa digitala denez, www.photoka.eus webgunearen bidez parte hartu behar da; bertan izena eman behar da, eta bertatik bidali behar dira argazkiak, JPG formatuan eta gehienez ere 1.024×768 pixeletako bereizmenagaz. Izena emateko 15 euro ordaindu behar dira, PayPal aplikazioaren bidez, photoka@photoka.eus kontura.
Bi modalitate daude: teknika baldintzatua eta teknika librea. Lehenengoan, argazkiak prozesatzean, errebelatze digitalaren berezko doikuntzak onartuko dira (zurien balantzea, esposizioa, mailak, kontrastea, saturazioa, fokuratzea…), bai eta partikulak eta ebakinak neurrian garbitzea ere. «Ez da onartuko irudiaren edo bere zati baten edo batzuen alteraziorik edo manipulaziorik, argazkian ageri ez den errealitatea islatzen baldin badute. Edozein zalantza izanez gero, epaimahaiak argazkiaren jatorrizko artxiboa (RAW) eskatu ahalko du, arauak betetzen direla egiaztatzeko». Teknika librean edozein motatako edizio digitala erabiltzea onartuko dute. Bi kategorietan koloretako zein kolore bakarreko argazkiak aurkeztu daitezke. Parte hartzaile bakoitzak kategoria bakoitzeko gehienez hiru argazki aurkeztu ditzake, eta ezin dira aurkeztu beste lehiaketaren batean saritutakoak.
Teknika librearen modalitatean, gaia librea da, baina teknika baldintzatuan, bi kategoria daude; batean, gaia librea da, eta bestean, berriz, Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko Biotopoa. «Irudi guztiak argazkilariak ateratakoak izan beharko dira, eta ezin da adimen artifiziala erabili».
Epaimahaia azaroaren 15ean batuko da Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta azaroaren 21ean banatuko dituzte sariak, leku berean.
Sariak. Aurtengo sari nagusia irabazten duenak Jose Angel Uberuaga Ube artista munitibartarrak egindako eskultura jasoko du. Horrez gain, bederatzi sari banatuko dituzte. Teknika librean hiru sari egongo dira, eta teknika baldintzatuan sei sari, kategoria bakoitzeko hiru. Urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eta diplomak banatuko dituzte, baita diru-sariak ere: 500 euro irabazleentzat eta 200 euro bigarren sailkatuentzat. Hirugarren sailkatuek, ostera, zetazeoen behaketa egiteko itsas txango bana irabaziko dute.
Gainera, saritutako bederatzi argazkilariak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak antolatzen duen Argizaiola lehiaketara sailkatuko dira.