250 lagunetik gora, aurretiaz izena emanda
Gaur-gaurkoz, 257 mendizalek eman dute izena domekako [irailak 14] Gautegiz Arteagako Mendi Martxarako.
Datorren domekan [irailak 14], arteagarrek nahiz eskualdeko herritarrek hitzordu garrantzitsua zain edukiko dute, mendizaletasuna maite baldin badute: Gautegiz Arteagako Mendi Martxa egingo dute. Beste behin, Gazteluzar Txokoa martxalarien epizentro bihurtuko da, bertan kokatuko baitira antolatzaileek prestatu dituzten ibilbide luzearen nahiz laburraren irteera zein helmuga eremuak.
Azken urteetan modura, Internet bidezko aurretiazko izen emateari ederto erantzun diote herritarrek eta, gaur-gaurkoz, 257 lagun izena emanda daude; horietako 114 ibilbide luzera animatuko dira, eta 143k, ostera, ibilbide luzea aukeratu dute. Halaber, antolakuntzak Internet bidezko izen ematea egueneko gauerdira bitartekoa izango da; aurten, izen emateagaz, kantinplora eta edalontzi eramangarria jasoko dituzte opari. Bestalde, iragarri dute egunean bertan izena emateko aukera ere egongo dela. Azken ekitaldietan 400 lagun inguru elkartu izan ditu martxak, eta aurten ere “halaxe izango dela” uste dute.
09:00retan hasiko dira oinez aukera luzea hautatu dutenak. Aurretik 17 kilometroko tartea edukiko dute. Antolakuntzatik aurreratu dute ibilbideek ez dutela “inongo zailtasun teknikorik” edukiko. Mendizaleek Tremoiarako biderantz joko dute, handik Akordara zuzenduz. Akorda atzean utzi ostean, artadian barrena murgilduko dira oinezkoak, Isla auzora iritsi arte. Handik, paduran bete-betean sarturik ailegatuko dira irteera hartu duten tokira. Martxa luzeko anoa postuak Tremoian eta Islako zelaian egongo direla azaldu dute.
11:00etan hasiko diren ibilbide laburreko parte hartzaileek, berriz, Gaztelubide bidean barrena egingo dute martxaren lehendabiziko zatia, Agirretatik Portura joateko, eta handik San Lorentzorako bidea hartzeko. Isla auzoko zelaian topatuko dute anoa postua; azken zatia paduran barrena egingo dute, Gazteluzar Txokoraino. Guztira 7 kilometro egin beharko dituzte.