Arrantzale Eguna Bermeon: omenaldi hunkigarriak eta kalejira jendetsua
Kalejirak, bertsoak eta eskertza hitzak izan dira nagusi gaur goizean Bermeon. Lamera Gane Txokoak antolatuta, hainbat lagun omendu dituzte, herriaren memoria eta nortasuna gogoratuz.
Goizean goiz hasi da giroa pizten Bermeon. Arrantzaleen omenezko meza ostean, txistulariek lagunduta atera dira kalejiran aurtengo Arrantzale Eguneko omenduak eta udal ordezkariak. Elizatik abiatu eta frontoiraino egin dute bidea, eguraldia zela eta han bertan egin baita ekitaldia.
Frontoian, Josepa Kale Kale taldeak jarri dio lehen musika eta emozio ukitua omenaldiari: Habaneratxoa eta Bermiok daukaz kale barrixek kantuak eskaini dizkiete omenduei eta bertaratu direnei. Segidan, Jose Muruagak bertso berezia kantatu du, omendu bakoitzari egindako ekarpena gogorarazteko.
Ekitaldia bi zatitan banatu da. Lehenik eta behin, Bermeoko portua babesten duen olatu-horma izan da ardatza. Josu Fernandez Madariaga izan da lehen protagonista —bere alabak jaso du garaikurra Nadia Neme alkatearen eskutik— hark Matxitxakon harrizko blokeak egiten egindako lan guztiagaitik. Lamera Gane Txokoko ordezkariek, olatu-hormak bermeotarrentzat duen garrantzia gogorarazi nahi izan dute: “Guretzat kirola egiteko, paseatzeko eta estropadak ikusteko toki paregabea da, eta maitasunezko gunea ere bai”.
Bigarren omendua izan da Vicente Talon Ortiz kazetaria, 1960ko hamarkadan Dakarren korrespontsal lanetan jardun zuena, eta bermeotarren espedizioen berri ematen lehen eskutik arduratu zena. “Nire bizitzako pasarterik berezienetakoa izan zen hura —adierazi du Talonek—. 24 urterekin joan nintzen Dakarrera, eta han aurkitu nuen hemengo bizimodua: arrantzaleak, jakiak, ohiturak. Beste kontinente batean, baina Bermeo beti presente”.
Hirugarren omendua Tomas Arana izan da, Mar Izaro Kirol Klubaren sustatzaile nagusietakoa. Bere iloba Inma Anasagastik jaso ditu garaikurrak,, Endika Etxeberria kultura zinegotziaren eskutik. Arana igerilari trebea izan zen, baina batez ere kirol modalitate berriak ekarri zituen herrira: igeriketa, waterpoloa eta bestelakoak. Kai-mutur inguruan sortutako kirol giro hori gaur egun arte iritsi dela gogoratu dute.
Arraun taldeak 50 urte. Bigarren zatian, Bermeoko Arraun Elkartearen 50. urteurrena izan da gogoan. Alain Colunga eta Jon Unanue arraunlari ohiak omendu dituzte, 15 urtez baino gehiagoz taldean aritu direlako. Garaikurrak Etxeberriak eman dizkie.
Sorpresa moduan, Jon Salsamendi entrenatzaileak ere omenaldia jaso du. Hitz hunkigarriak izan ditu herriarentzat: “Ni ez naiz bermeotarra jaiotzez, oriotarra baizik, baina hemen beti etxean bezala hartu naute. Nik talderik gabe ez dut ezer, eta herriak eman didana bueltatzen saiatzea besterik ez zait geratzen“. Azpimarratu du bere seme-alabek ere Bermeoko koloreak defendatu dituztela Kontxako estropadetan: “Ez nik hala eskatu diedalako, baizik eta eurek hala nahi izan dutelako”.

Herri osoaren festa. Ekitaldia giro bero eta hunkigarrian joan da aurrera. Omendu guztiek jaso dituzte opariak eta oroigarriak, herriko eragile eta senideen eskutik. Bermeoko udal ordezkariek ere parte hartu dute banaketan, eta herritar ugari gerturatu dira frontoira omenaldian parte hartzera.
Amaiera ederra izan du ospakizunak: Josepa Kale Kaleko taldekideak Bermioko Portuan arrantzaleen abestia kantatu dute ingurukoen laguntzarekin guztiak batera abestuz. Bukatzeko, frontoian bertan Bermeoko hegaluze egosia dastatu dute, Lamera Gane Txokoko kideek prestatuta.
Antolatzaileek azpimarratu dute ekitaldiaren “bi ardatzak” izan direla olatu-hormaren oroimena eta Arraun Elkartearen 50. urteurrena: “Bi elementu horiek gure herriaren nortasuna eta komunitatearen indarra gogorarazten dizkigute. Bermeok beti izan du itsasoa bizitzaren erdigunean, eta gaurko omenaldiek hori berriro erakutsi dute”.
Kalejira eta Taraskari omenaldia. Eguerdiko omenaldien ostean, herri osoa berriro batu da Goiko Plazan. 13:00 aldera abiatu da kalejira El Despiste, Tximeletak eta Incansables fanfarria taldeen musikaz girotuta. Urtero moduan, sekulako festa sortu da bidean, nahiz eta hasieran euria egin. Baina euri tantak ez dira traba izan izan, eta kalez kale giroa berotuz joan da musikarien erritmoan. Dantzan ari ziren lagun-taldeak eta etxeetako balkoietatik zintzilikatutako ikurrinak eta ur jaurtiketak izan dira bide osoan zeharreko irudi nagusiak.
Jendetza bildu da kalez kale, adin guztietako herritarrak tartean: gaztetxoak txistuaren eta danborren erritmoan korrika, gazte kuadrillak kolorez beterik eta adin zaharrenetakoak ere gaztetxoak bezala gozatzen, betiko legez egun berezi hau herri osoaren bilgune bihurtu da.
San Frantzisko enparantzara iristean, festa guztiz lehertu da. Han, Taraskari lore eskaintza egin diote, eta ohiturari jarraituz, zapia zintzilikatu diote. Une horrek emozioz eta kantuz bete ditu kaleak; herritarrek elkarren eskuak batu eta kantua eskaini diote Taraskari, eta festa giroa are gehiago indartu du.