Irailaren 7an egingo dute Ereñoko VIII. tomate txapelketa
Sari banaketaren ostean, herritarrei tomateak dastatzeko aukera emango diete.
Uda garaian ez da tomaterik faltatzen inguruko baratzetan, batez ere Ereñon. Horregatik, zortzigarren aldiz dagoeneko, herriko tomate txapelketa egingo dute domekan [irailak 7]. Ereñoko Udalak, Gerandape kirol klubak eta Ereñozar Jatetxeak elkarlanean antolatu dute. Hori bai, argi utzi nahi izan dute tomatea Ereñon ekoiztua izan beharko dela, partehartzaileak agiri bat sinatu beharko duelarik Ereñon ekoiztua dela aitortuz.
Hain zuzen ere, antolatzaileek zenbait arau jarri dituzte. Hasteko, tomatea edozein motatakoa izan daiteke, baina partaide bakoitzak tomate bakarra aurkeztu ahal izango du. Aurkezpena 12:00etatik 13:00etara egingo dute, eta ordu horretatik aurrera aurkeztutakoak ez dituzte onartuko. Epaimahaiak itxura, heldutasun puntua eta zaporea izango dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan. Azaldu dutenez, epaileen erabakiak ez du atzera bueltarik izango.
Azkenik, gogoratu dute parte hartzaileek aurkezten duten tomatea ez zaiela itzuliko, sari banaketa egin eta gero jendeari dastatzeko aukera emango zaiolako.