Goitiak eta Lekerikak jantzi dute txapela Lekeition
Urreisti eta Del Rio hartu zituzten mendean zapatuko [abuztuak 30] finalean. Gernika-lumotarrak Paueko finala jokatuko du barikuan [irailak 5].
Argazkia: Eraman Jai Alai.Eraman Jai Alai Lekeitioko Santi Brouard pilotalekua frontoi bizia da, eskumagaz min egitekoa, ikuskizuna ematen duen horietakoa. Lekeitioko finaleko lau puntistek zerbait badute bizitasuna da, Alex Goitiak eta Eñaut Urreistik bere hanka gazteetan. Unai Lekerikak eta Julen Del Riok beraien eskumako besoan. Horrenbestez, zapatuko [abuztuak 30] finalak osagai guztiak zituen partida bikaina ikusteko. Giroak, gainera, lagundu egin zuen.
Zelan ez, abiadura handian jokatu dute puntistek. 0-4 aurreratu ziren mutrikuarra eta gasteiztarra, baina berehala berdindu dute marroiek bosna. Denetarako tantoak izan ziren, nabarmentzekoak Lekerikaren bat eta zalantzarako beste bat ere. Horrela 12-8 hartu zuten aurrea markina-xemeindarrak eta gernika-lumotarrak. Urreistik bere 21. urtebetetzea garaipenarekin ospatu nahi zuen, eta lehen jokoaren amaieran saiatu bada ere, ezin izan du: 15-11.
Bigarren seta bide beretik joan zen, berdintasuna izan zen nagusi (1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 6-6). Bizkaitarrak joan ziren aurretik atsedenaldira eta tartea mantentzea lortu dute amaierara arte: 15-11. Goitiak udako bere bigarren txapela jantzi du herriko Uni frontoian irabazi eta gero. Eraman enpresatik aurrelariak emandako “hobekuntza nabarmena” goraipatu dute. Udako denboraldiari “amaiera bikaina” eman dio. Del Riok ere amaitutzat eman du udako sasoia. Ez, ordea, Urreistik eta Lekerikak, biak ala biak Donostiako Lauko Finalean ariko baitira irailaren 15, 22 eta 29an. Aurretik, barikuan [irailak 5] Lekerikak Paueko finala jokatuko du.