Urtero legez, Gaztelugatxe Bermeorena dela zehazten duen agiria sinatu dute
Tradizioak mantenduta, San Juan Degoilatu egunez, Gaztelugatxeko San Juan Bermeorena dela zehazten duen agiria sinatu dute.
Gaur, San Juan Degoilatu egunez, eta urteroko tradizioari jarraituta, Gaztelugatxeko San Juan Bermeorena dela zehazten duen agiria sinatu du Bermeoko Udalbatzak Gastelugatxeko baseliza ondoan.
Udalbatzaren zain egon da, Gaztelugatxen bertan, Eider Gotxi Araneko auzo alkatea, Nadia Nemeh Bermeoko alkateari ondoetorria eman eta auzoko makila emateko. Hori eginda, eta haize boladei aurre eginez, Nemehk Bermeoko eta udaleko banderak altxatu eta Gaztelugatxeko baselizaren kanpoko aldean dagoen kanpaina hiru aldiz jo du. “Hau izan da, da eta izango da bermeotarron altxorra. Gora Bermeo”, adierazi du hori egindakoan.

San Juan Degoilatu eguna Gaztelugatxen.Bermeoko Udala
Ostean, Bermeoko Udalbatzak Gaztelugatxeko Batzordeko kideekin egoteko tartea ere hartu du; izan ere, “lan handia” egiten dute, eta euren lana eskertu gura izan diete.
Gaztelugatxeko San Juanera joan aurretik, eta protokoloari jarraituz, udalbatzak kalejira egin du herrian zehar txistularien laguntzarekin, Goiko Plazan hasi eta Sanjuanportaleraino.