Saneamendu eta segurtasun lanak egin dituzte Oletan eta Talaian
Elantxobeko Udalak Talaian eroritako horma berritu du. Oleta auzoan, berriz, auzoko saneamendua sare orokorrera batu dute.
Argazkia: Elantxobeko Udala. Elantxobeko Udalak konponketa eta saneamendu lanak egin ditu bai Talaian, bai Oleta auzunean. Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, Talaian egindako obrak erorita zegoen horma zatiaren sendotzean oinarritu dira; horma hori berritu eta babestu dute. Hain zuzen ere, iragan abenduan euriteek “kalte handiak” sortu zituzten eremu horretan, eta lurrera erori zen Salve ingurua babesten duen horma. Lanak aurrera eroateko aurrekontua Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik jaso du udalak, eta “ia 100.000 eurokoa” izan dela adierazi dute. Lan horiekin, hormaren eta inguruko etxebizitzen segurtasuna “bermatuta” geratu da.
Talaian ez ezik, Oleta auzoan ere lanak egin dituzte, baina saneamendu sistameri eragin diotenak. Izan ere, inguru horretako etxebizitza guztien saneamendu sarea herriko sarera “lotuta” geratu dela argitu dute. Ekainaren hasieran abiatu zuten prozesua, eta, lanak egiteko, 30.000 euroko aurrekontua eduki zuen udalak, EREIn Europako laguntzen bitartez eskuratua; udalak ere finantzaketan parte hartu zuela azaldu dute.

Argazkia: Elantxobeko Udala.
Oletako saneamendu sarearen obrak auzotarrek “urte luzez” egin duten eskakizuna izan dela adierazi dute udal ordezkariek. Lanak biribilduta, udalerri osoaren saneamendu sarea bateratu dute, eta ingurugiroaren aldeko zaintzan “beste pausotxo bat” egin.

Argazkia: Elantxobeko Udala.