Zarrabentako Gazte Egunean bilduko dira, bigarrenez
Iazko Gazte Egunaren balorazio ona eginda, aurten eguna berriro antolatzea erabaki dute, baina data azarotik abuztuaren azken zapatura egunez aldatuta. Hala, etzi jai giroz betetako eguna izango dute Zarrabentan.
Gazte eguneko mus txapelketa.Zarrabenta Elkartea Sanmigel jaiez harago, Mendatako gazteak batzeko beste hitzordu bat zehaztu zuten joan den urtean lehenengoz Mendatako gazteek: Zarrabentako Gazte Eguna. Iazko Gazte Egunaren balorazio ona eginda, aurten eguna berriro antolatzea erabaki dute gazteek, baina data azarotik abuztuaren azken zapatura egunez aldatuta. Hala, etzi (abuztuak 30) jai giroz betetako eguna dute Zarrabentan.
“Udari amaiera polita emateko aukeratu dugu egun hau, baita orain egunak azaroan baino luzeagoak direlako eta gehiago aprobetxatu daitezkeelako”, azaldu dute arduradunek. Gainera, horreka eguraldi txarra egiteko arrisku gutxiago dutela diote. “Ondo ateratzen bada, aurrerantzean abuztuko azken zapatuan antolatzen jarraituko dugu”, jakinarazi dute.
Herriko gazteei egun bat eskaintzearren antolatu zuten lehenengoz Gazte Eguna, gazteak batu eta herriko jai nagusietaz aparte beste jai egun bat izateko. Helburuak berdina izaten jarraitzen du, baina egitaraua “herritar guztientzako” prestatu dutela nabarmendu dute, denek gozatzeko modukoa. “Publiko guztientzako jaiak dira, ez gazteentzako jaiak bakarrik”, gehitu dute.
Aurten, gainera, eguna luzatzea erabaki dute, arratsaldeko ekintzetatik egun guztiko ekintzetara pasatzea. “Apurbat denetarik dago. Gustu guztiak asetzeko modukoa egitea ezinezkoa da, baina ahalegintzen gara denentzako egitaraua egiten”, adierazi dute.
Hala, herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek; izan ere, Zihara Zabala, Leire Olea, Gari Elorriaga eta Jon Onaindia ariko dira erakustaldia eskaintzen. Gero, gura dutenek probatzeko aukera ere izango dute. “Mendatan herri kirolekiko zaletasun handia dago, eta horiei balioa ematea pentsatu dugu, bertoko inguruetako herri kirolari gazteak Zarrabentara hurbilduz”, esan dute antolatzaileek.
Eguerdian, mus txapelketan neurtuko dira bizilagunak, eta, bazkaldu ostean, gazteentzako jolasek jai giroa mantenduko dute herrian.
20:00etan hasiko da musika martxan, Dj Bartek jarriko baititu lehen musika doinuak. Eta, gero, Txoriburu taldeak hartuko dio lekukoa, baina ez dira bakarrik ariko, ostean beste bi Dj egongo baitira: Dj I Am Giz eta Dj Domin. “Kontzertuetarako ez daukagu diru askorik, baina daukagunagaz saiatu gara ahalik eta gehien egiten eta bertoko jendeari leku bat eskaintzen. Denak dira bertoko inguruko gazteak, eta oso eskertuta gaude, ze laguntzeko prest egon dira”.
EGITARAUA
Etzi, zapatua.
12:30. Herri kirol erakustaldia: Zihara Zabala, Leire Olea, Gari Elorriaga eta Jon Onaindia.
Ondoren. Herri kirolak probatzeko aukera.
16:30. Mus txapelketa. Izena ematea 20 eurotan, eta ateratako dirua banatuko da sarietan.
18:00. Gazteentzako jolasak.
20:00. Dj Bart.
22:00. Kontzertuak: Txoriburu, Dj I Am Giz eta Dj Domin.