Tradizioz betetako Euskal Jaian bilduko dira mundakarrak egunotan
Gaurtik (abuztuak 28) domekara (abuztuak 31) bitartean euskal folklorea, musika eta euskal tradizioz betetako hamaika ekintza izango dituzte aukeran.
Mundakarrak Euskal Jaian murgiltzeko prest daude. Gaurtik (abuztuak 28) domekara (abuztuak 31) bitartean euskal folklorea, musika eta euskal tradizioz betetako hamaika ekintza izango dituzte aukeran.
Esperotako unea izaten da Euskal Jaia mundakarrentzat, eta, beste behin, herriko kaleak eta plazak jantzi tipikoz, herri musikaz, dantzaz eta kirol tradizionaez zein erromeriaz beteko dituzte, “euskal nortasunaren eta kultura partekatuaren erakusgarri modura”.
Gaur, esaterako, Lapseren ikuskizunak beteko du plaza 20:00etatik aurrera, eta bihar, ordu berean, Mundakako abesbatzaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Etzikoa izango da egun handia, Jose Mari Egileor txistulariek goizetik girotuko baitute eguna, eta goiztiarrenak marmita prestatzeko lanetan hasiko baitira. Izan ere, marmita gozoena norena den erabakitzeko txapelketa egingo dute.
Esku pilota partiduek hartuko dute protagonismoa arratsaldean, eta ostean, Zazpizar erromeriako kideekin dantzan egiteko unea ailegatuko zaie mundakarrei.
Domekan, kalerik kale ibiliko dira, eta Talako sarreran euskal jai herrikorrean bilduko dira aurtengo festari amaiera biribila emateko.
Hala, herritarrei bertaratzeko eta inguruko bizilagunei ere gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek, ondo pasatzeko aukera ederra delako.
EGITARAUA
Gaur.
20:00. Lapse, plazan.
Bihar.
20:00. Mundaka abesbatzaren emanaldia.
Etzi.
11:00. Jose Mari Egileor txistulariak
13:00. Marmita txapelketa
Gero. Kanta lorue
18:00. Esku pilota partiduak
22:00. Zazpizar erromeria
00:15. Larrain dantza
Domeka, abuztuak 31
12:45. Kalez kale kantari (Meza ostean)
13:00. Euskal jaia herrikoia (Talako sarreran)