Izarrako jaiak martxan daude, txikienen gozamenerako
Xixilitxikiren etorreragaz eztanda egin zuten Bermeoko Izarrako jaiek atzo (abuztuak 27), eta gaur (abuztuak 28) KIETB Erraldoi Txikien kalejiran bildu dira goizean. Arratsalderako eskaintza zabala dute, baita biharko (abuztuak 29) ere.
Xixilitxikiren etorreragaz eztanda egin zuten Bermeoko Izarrako jaiek atzo (abuztuak 27), herriko txikienen gozamenerako. Gogotsu zeuden Izarrako enparantzan bildutakoak, familiei bideratutako jaiak hasteko zain. Azkenean, 20:00etan, iritsi zen ordu: KIETB taldeko kide den Sergi Sarmientok bota zuen pregoia, eta Ane Ferreras arduratu zen jaiei hasiera eman zien txupina pizteaz.
Metxa piztu aurretik, baina, 2022ko Espainiako parkour lehiaketako txapelduna den Sarmientok bere ametsa “egi bihurtu” dela nabarmendu zuen, pregoia jaurtitzea benetan berezia dela esanda. “Gauza asko egin ditut 20 urte hauetan, baina berezia da Izarrako jaietan pregoilari izatea; amets bat egi bihurtu da. Gainera, aurten, 10.edizioa da, eta jaietan nabari da. Euria dabil, baina plaza beteta dago. Sekulakoa da plaza horrela ikustea. Gazteentzako eta umeentzako jaiak dira hauek, beraz, umeak, zuen momentua heldu da, lagun minekin gozatzekoa eta lagun berriak egitekoa. Gozatu jaietan”, adierazi zuen Sarmientok pregoian.
Ostean, laugarren urtez, metxari su eman zion Ferrerasek eta festa lehertu zen. Izan ere, euria barra-barra bazen ere, haur, gazte zein nagusik horri aurre egin zioten: eskuetatik heldu, eta kalejiran joan ziren Kix -Kix ile apaindegiraino, Izarrako frontoia, enparantza, eta Atalde eta Intxausti kaleak zeharkatuta. Bertara iritsita, bertaratutakoek Xixilitxikirekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten.
Gaur (abuztuak 28), aldiz, egunak lagundu die, eta atzo aterkipean egindakoa gaur aterkirik gabe eta lasai-lasai egin dute. Izan ere, KIETB Erraldoi Txikien kalejira luzeagoa egin dute, Xixilitxiki buru zutela. Eta, eguerdian giroa lasaitu den arren, festan murgiduta segitzeko aukera dute arratsaldean.
17:45ean, familientzako magiazko kale antzerkiak hartuko du Izarrako frontoia, eta, ondoren, umeek tailer eta joko desberdinetan parte hartzeko aukera edukiko dute, izan ere, erraldoien tailerrak eta aurpegi margoketa izango dituzte aukeran. Eguna, luzea izango da, ze, horren ostean, gurpildun zezenen entzierroa izango dute aukeran, eta, ostean, eskola publikoko karpan, Xaiborren diskofestan gorputzak mugitzen jarraitu ahalko dute bertaratzen direnek.
Bihar, gaiteroen dianak girotuko ditu auzoko kaleak goizetik, eta 12:30ean, bits festan bustiko dira bertaratzen direnak. Hori bai, espuma artean sartuko direnei, antolatzaileek gomendatu diete bainu jantzia edo neoprenoa eroateko, baita igerilekuko betaurrekoak ere.
Eta, arratsaldean, iaz sekulako arrakasta izan zuen Motx pailazoaren ikuskizunak beteko du ingurua, gainera, gero, txokolate jana egingo dute; edalontzia etxetik eroateko eskatu dute.
Gaur.
17:45. Familiako magiazko kale antzerkia, Izarrako frontoian.
Ondoren. Erraldoien tailerrak eta aurpegi margoketa, Izarrako frontoian.
19:30. Gurpildun zezenen entzierroa, Izarrako frontoitik hasita.
Ondoren. Xaibor diskofesta, eskola publikoko karpan.
Bihar.
11:00. Dianak gaiteroekin, auzoko kaleetan zehar.
12:30. Bits festa Izarrako frontoian.
18:00. Motx pailazioaren kale antzerkia, Izarrako frontoian.
Ondoren. Txokolate jana, Izarrako frontoian.
Bitartean. Erraldoien agurra dantzaldia, Izarrako frontoian.
19:30. Girotzeko musika, Izarrako frontoian.
Ondoren. Urezko adarbakarra eta suzko zezena, Izarrako frontoian.
Ondoren. Xixilitxikiren doluzko ibilbidea, ohorezko aurreskua, Ross Dantza eskolaren ikuskizuna eta Xixilitxikiren erreketa suziriekin, Izarrako frontoian.