Herriko plaza jendez bete dute Gazte Egunean
Gautegiz Arteagako Gazte Eguna erantzun bikaina izaten ari da, jai giroa nabaritu baita herrian goizean goizetik. 22 paella aurkeztu dituzte paella txapelketara, eta iluntzean, jolasez zein kontzertuez gozatzeko aukera dute herriko plazan.
Ailegatu da eguna. Horrenbeste lan egin eta gero, herriko plaza berria jendez betetzea lortu dute Artiako Gazte Asanbladakoek. Gautegiz Arteagako Gazte Eguna erantzun bikaina izaten ari da, jai giroa nabaritu baita herrian goizean goizetik. Hasi dira sanantolin jaietako motorrak berotzen, izan ere, jai egun luzeez gozatzeko aukera izango dute aurrerantzean arteagarrek.
Kamiseta zuriak, Gazte Eguneko zapi moreak, ondo pasatzeko gogoa eta arroza izan dira goiz-eguerdiko osagai nagusiak Gautegiz Arteagan. Hala ere, horiez guztiez gain, paellak egiteko denetariko osaigaiek hartu dute protagonismoa. Izan ere, produktu horiek txiki-txiki mozten ibili dira bertaratutako kuadrilak: batzuek barazkiak izan dituzte mahai gainean, beste batzuek oilaskoa edota mariskoa. Denetariko produktuekin osatu dituzte paellak, norberarena onena izateko asmotan.
Hain zuzen ere, 23 kuadrilek eman dute izena paella txapelketan, baina 22 izan dira aurkeztu dituztenak. Denboraz justu ibili dira batzuk, denbora ondo neurtuta eduki dute beste batzuek, baina epaileek aurkeztutako paellen “maila ona” nabarmendu dute. Hala ere, gozoena norena zen erabaki beharra zegoen, eta hori Txukirrukis taldearen 4 zenbakidun paella izan da. 19 zenbakidun paella izan da bigarren puntuaziorik onena jaso duena, Geratute gauz kuadrilarena, eta Gazte Asanbladakoen 15. zenbakidun paella izan da podiuma osatu duena. Paellarik originalena, berriz, Apo Paella izan da.
Egitarau zabala dute oraindik Gazte Egunean, paella txapelketa amaituta, herri bazkarian batu baitira bertaratutakoak. Eta, jan eta gero, bakarrizketak izan dituzte, Asier Galarza eta Esti Curielen eskutik.
Gazte olinpiadetan ondo pasatzeko aukera izango dute orain, eta, ostean, Mirua, Lukiek eta Jo ta ke erromeriak hartuko dute lekukoa, Gorriontxu eta Laztanaren aurretik.