Urriko lehen eta azken astelehenean parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea, zabaltzear
Abeltzaintzako lehen hitzorduan eta nekazaritzako bigarrenean egon gura dutenek irailaren 1etik aurrera aurkez ditzakete eskabideak. Hilaren 19ra arte aurkez daitezke Urriko Lehen Asteleheneko eskabideak, eta 30era arte Urriko Azken Astelehenekoak.
Astelehenean zabalduko dute Urriko Lehen eta Azken Astelehenetako azoketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea; abeltzaintzako lehen hitzorduan egoteko eskaerak hilaren 19ra arte aurkez daitezke, eta nekazaritzako bigarrenean egon gura dutenek hilaren 30era arteko epea izango dute eskaerak aurkezteko.
Gernika-Lumoko Udalak zehaztu duenez, foru aldundiko Nekazaritza saileko Ustiategien Erregistroan alta emanda daudenek baino ezin izango dute lanpostu bat lortu. Bizkaikoak ez diren ekoizle eta artisauen kasuan, esparru autonomikoko erakundeetako ekoizleak eta artisauak egon ahal izango dira, baldin eta azokaren sustatzaileek euren elkartea gonbidatu badute.
Beharrezko dokumentazioa.
Izena emateko orriak udalaren webgunean lor daitezke —Baserritarrak edo Artisauak bezala sailkatuak—, eta, eskabide orria bete ostean, udalean aurkeztu beharko da.
Erregistroan (HAZ) aurkeztu ahalko dute interesatuek, astelehenetik barikura bitartean, 08:00etatik 13:30erako ordutegian. Eskabidea telematikoki egin gura dutenek webguneko Feriak eta Merkatuak atalean egin dezakete hori, Tramiteak botoian klik eginda. Hala ere, postaz egiteko aukera ere izango dute interesatuek. Hori bai, nabarmendu dute ez dituztela onartuko posta elektronikoz bideratutako eskaerak.