Indartsu dator Gautegiz Arteagako Gazte Eguna
Artiako Gazte Asanbladakoek egitarau zabala prestatu dute biharko (abuztuak 28), herritar guztiek gozatzeko modukoa. Paella lehiaketagaz abiatuko dute eguna, eta kontzertu "indartsuekin" biribilduko dute. Hala, herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Gorriz markatutako egun horietako bat da gautegiz arteagarrentzat Gazte Eguna. Egun horretan jai giroak ez du etenik izaten goizetik goizaldera arteko orduetan, eta aurtengoan ere horrela izango da. Egungo Artiako Gazte Asanbladak Gazte Eguna antolatzen duen hirugarren urtea da hau, eta dagoeneko errotutako festa dela esan daiteke. Hala, biharko (abuztuak 28) egitarau zabala prestatu dute, herritar guztiek gozatzeko modukoa.
Sorreratik gazteei lekua eskaintzeko ekimenak prestatu dituzte gazte asanbladakoek, baina Gazte Eguna da prestatzen duten egunik indartsuenetakoa: “Guretzat egun garrantzitsua da. Dagoeneko hirugarren urtez antolatzen dugu, eta urtero-urtero gero eta indar gehiago daukagula ikusten dugu. Antolatzeko griña eta indarra badago taldean”.
Gogotik egin dute lan azken aste eta hilabeteetan, eguna ahalik eta ederrena izateko. Hala herritar guztientzako hitzordua izango dela biharkoa adierazi dute. Egitarau zabala dakarte horretarako, paella txapelketak, bazkariak eta jolasek girotuko baitute eguna, ostean Asier Galarza eta Esti Curielen bakarrizketei pasoa emateko. Mirua, Lukiek eta Jo ta ke erromeriak hartuko dute lekukoa gero, eta Gorriontxu eta Laztana ariko dira hurrengo orduetan.
“Horrelako egitaraua prestatzeak lan asko dakar eta ez da erraza, ze goizetik gauera arteko eguna izango da. Gainera, kontzertuak indartsuak dira, eta etorriko den jendea hartatzeko ere antolatu beharra dago. Baina ilusioz lan egiten dugu, ilusioz hartzen dugu egun hau, gero eta gehiagogaz gainera. Izan ere, ikusten dugu gero eta gehiago errotzen ari dela herrian, eta jendeak ondo erantzuten duela. Gorriz markatutako eguna da herrian, eta horrek ilusioa pizten du”, azaldu dute gazte asanbladako kideek.
Hala, herritarrek ondo erantzutea espero dute. Iaz euria egin zuen, eta bihar goizerako bakarrik dagoela euria emanda diote antolatzaileek, gero ateri egongo dela nabarmenduta: “Goizean bakarrik egingo du euria, eta gero aterri egongo da. Beraz, herritarrei zein inguruko herrietakoei etortzeko deia luzatzen diegu, ondo pasatzeko aukera ederra delako”.
Autogestioa oinarri.
Gazteei lekua emateaz aparte, beste herritarrei ere kultur aisialdirako aukera eskaintzen die gazte asanbladak, eta autogestioaren bidetik egiten dute hori. Antolatu dituzten ekimenetatik dirua lortu dute, eta “gero eta kartel esanguratsuagoak” egin ahal dituzte. “Autogestio horrek erakusten du gazteok gai garela gure aisialdirako ekimenak antolatzeko. Baina ez bakarrik gazteei zuzendutakoak ekimenak antolatzeko, baita herritarrei zuzendutako ekintza kulturalak egiteko ere; besteren artean bertso saioak edota mendi ibilaldiak prestatu ditugu”, gehitu dute.
Hain zuzen ere, Gazte Egunetik lortzen dituzten baliabideekin antolatzen dituzte gero, urte guztian, zenbait ekintza: “Ez daukagu irabazi asmorik, ze iaz irabazitako guztia inbertitu dugu herrian ekintza desberdinak antolatzen. Herriak ematen digun dirua herriari bueltatzen diogu bestelako ekintza edo kontzertuekin”.
EGITARAUA.
Bihar, Gazte Eguna
10:30. Paella txapelketako izena ematea.
14:00. Paellen aurkezpena.
14:30. Sari banaketa eta ostean bazkaria.
16:00. Bakarrizketak.
17:30. Jolasak.
22:00. Kontzertuak: Lukiek, Mirua eta Jo ta ke erromeria.
Ostean. Dj Gorriontxu eta Laztana.