Badatoz sanantolinak Gautegiz Arteaga girotzera
Identitate eta tradizioz betetako jaiak heltzear daude Gautegiz Arteagara: sanantolinak. Ohiko ekitaldiek hartuko dute herria: pilota partiduek, tortilla txapelketak, mozorro egunak edota San Antolin ermitako ospakizunak ez dute hutsik egingo.
Alaitasunez, tradizioz eta kolorez betetako San Antolin jaiak prestatu dituzte Gautegiz Arteagan. Bihar (abuztuak 28) Gazte Egunagaz hasiko dira jaietako motorrak berotzen, eta irailaren 2ra (martizena) bitartean deneariko aukerak egongo dira herrian. Izan ere, jaietarako prestatutako programak jai egunez gozatzera gonbidatzen ditu herriko familia, lagun eta taldeak.
“Herriko jaiak aukera apartekoa dira eguneroko betebeharrak ahazteko, lagunartean gozatzeko eta komunitate modura elkartzeko. Berriro batzeko unea da, auzokoekin, senideekin, lagunekin batera egotekoa. Eta, horretarako, egitarauak ohiturak, musika, jolasak, bazkari herrikoiak eta ahalik eta gehien gozatzeko proposamen berriak biltzen ditu”, esan du Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkateak.
Izan ere, egun hauek bereziak dira arteagarrentzat, baina ez ospakizunengatik bakarrik, baita jai hauek herriko identitate eta tradizio herrikoien agerpen “bizia” direlako ere. Hain zuzen ere, ospakizuna berezi egiten duena “herritarren parte hartzea” dela dio alkateak: “Belaunaldiz belaunaldi transmititu den identitatea bizirik mantentzeko sentimendu kolektiboak egiten ditu berezi egunok”.
Hala, etzi (abuztuak 29) txupinazoagaz emango diete ondoetorria jaiei, baina lehenago, herriko Artie Dantza Taldeak dantza emanaldia eskainiko du. Gero, frontenis txapelketako finalak jokatuko dituzte eta eguna erromeriagaz amaituko dute.
Zapatuan, Tabernazarre Egunean, tortillarik gozoena prestatzeko erronka izaten dute herritarrek, eta behin gozoena norena den erabakita, bazkari herrikoian elkartzen dira. Arratsaldea Joseina Etxebarriak girotuko du, eta mozorrotzeko aprobetxatuko dute askok. Izan ere, munduko kultura ezberdinetako bizilagunak izango dira mozorro lehiaketako protagonistak. Etxebarriari Xaiborrek hartuko dio lekukoa, eta iluntze gaua musikaz betetzeko ardura izango du.
Umeen eguna izango da domekakoa, goizean puzgarrietan ibiltzeko aukera izango baitute, baita egur jolasetan aritzekoa ere. Arratsaldean, baina, Goitibehera lasterketa egingo dute, eta musean aritzeko aukera ere egongo da. Abiadura geldotutakoan, Azken taupadak antzerki musikatuaz gozatuko dute txikienek, eta ostean, Korrontzi taldeak kontzertua eskainiko du, denen gozamenerako.
Jaiak, iazko legez, San Antolin egunarekin agurtuko dituzte, tradizioz betetako egunari jarraiki. San Antolin eliza inguruan hasiko dute eguna, eta ostean handik jaitsiko dira herritarrak kalejiran. Une berezia izaten da, belaunaldi ezberdinetako herritarrek bat egiten duten unea. Eta, behin plazara ailegatzerakoan, apar jaian bustitzeko aukera izango dute gaztetxoenek.
Gainera, egun horretako ohitura da pilota jaialdi on batez gozatzea. Hala, esku pilotako profesionalak bilduko dira frontoian: Alberdi II-Morgaetxebarria vs De la Fuente-Eskurza. Baina aurretik haur mailako partiduak egongo dira, gure kirol autoktono honen etorkizuna bermatzen eta zaletzen dutenak.
Jaiak errespetuz eta inolako eraso barik ospatzea lehentasuna da udalarentzat. Hori dela eta, dekalogo bat zabaldu dau jaiak eraso sexista barik ospatzeko. Dekalogo horrek jaiak beldur barik eta aske bizitzeko eskubidea balioesten du eta horrelako erasoren bat gertatuz gero zelan jokatu eta nora jo adierazten du: “Mota guztietako erasoak saihestea —eta euren artean eraso sexistak— lehentasunezko helburua da, eta jaiez benetan gozatzeko beharrezko baldintza. Elkarregaz gozatzea, tarte onak bizitzea eta denon artean batzen gaituzten eta urtetik urtera hobeak diren jaiak egitea da gure helburua”.
Abuztuak 29, barikua.
19:00. Artie Dantza Taldearen emanaldia.
Ostean. Txupinazoa.
20:30. Frontenis txapelketako finalak.
22:30. Kontzertuak: Txapela brava eta Laprast erromeria.
Abuztuak 30, zapatua.
12:00. Tortilla txapelketako izena ematea.
14:00. Tortillen aurkezpena.
14:30. Sari banaketa.
Ostean. Herri bazkaria.
18:30. Musika saioa Joseina Etxebarriagaz.
20:00. Mozorro lehiaketa. Gaia: Munduko kulturak.
22:00. Xaibor.
Abuztuak 31, domeka.
12:00. Puzgarriak eta egur jolasak.
16:30. Goitibehera lasterketa.
16:00. Mus txapelketa.
19:30. Antzerki musikatua: Azken taupadak.
20:30. Goitibeheren sari banaketa, herriko plazan.
21:00. Kontzertua: Korrontzi taldea.
Irailak 2, martitzena, San Antolin eguna.
11:00. Txistulariekin igoera.
12:00. Meza nagusia.
14:00. Jaitsiera.
Ostean. Apar jaia eta trikitilariak: Etxebarria aita-semeak.
18:00. Pilota jaialdia. Profesionaletan: Alberdi II-Morgaetxebarria vs De la Fuente-Eskurza
Ostean. Txokolate jana.
