Olatz Arrizabalaga: "Munduko Wallball Txapelketatik dominak ekartzeko taldea daukagu"
Euskal selekzioak Munduko Wallball Txapelketan parte hartuko du. Zazpi euskal kirolari arituko dira bertan, eta horietako bat izango da Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarra. Bihar hasiko da txapelketa, eta zapatuan amaituko da Leeuwarden (Herbehereak).
Munduko Wallball Txapelketan parte hartuko du Olatz Arrizabalagak Euskal Pilota Federazioagaz bihartik (abuztuak 26) zapatura (abuztuak 30) bitartean, Leeuwarden-en (Herbehereak). Ez da Wallballeko munduko txapelketan arituko den lehen aldia, duela hiru urte Valentzian jokatu zen lehiaketan ere parte hartu baitzuen. Hala ere, helburu handiekin bidaiatuko du gaur pilotari gernika-lumotarrak Leeuwarden-era, izan ere, dominak lortzeko borrokan egotea da bere helburu nagusia: “Wallball txapelketatik dominak ekartzeko taldea daukagu eta horiek lortzea da asmoa”.
Banaka, binaka eta bikote mistoan lehiatuko dute txapelketa, eta hiru modalitate horietan ariko da Arrizabalaga; binakakoan Miren Larrartegaz batera lehiatuko da, eta bikote mistoan Mikel Beldarrainegaz. Pilotari horiez gain, Egoitz Amantegi, Lur Ziarrusta, Mikel Aurrekoetxea eta Laia Salsamendi ariko dira Euskal Selekzioagaz borrokatzen. Euskal Herriko ordezkaritzaz gain, Leeuwarden izango dira Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico.
Munduko lehiaketan aritzea “pozgarria” dela dio, “sekulako aukera” dela azpimarratuta: “Euskal Herrian maila ona dago. Dena irabaztera ateratzeko moduko taldea daukagu. Ilusioz beteta goaz, eta gure lana ondo egin gura dugu. Hala ere, esperientzia bat bizitzera goaz”.
Euskal selekzioa txapelketako faboritoetako bat da, baina valentziarrak aurkari gogorrak izango dituztela uste du gernika-lumoko pilotariak. “Garrantzitsua izango da partidak irabaztea, eta gailentzea lortzen ez dugun horietan ahalik eta markagailurik estuena lortzea. Izan ere, partida bakoitzeko puntuazio bat lortuko du selekzioak”, azaldu du Arrizabalagak.
Banakako lehiaketan faboritotzat jotzen du bere burua. Hala ere, valentziarrak aurkari gogortzat ditu. Horiez gain, holandarren eta ingelesen aurka ariko da banakako lanean: “Nik uste dut taldekako txapelketa hori gainditzeko aukerak baditudala”.
Larrartegaz osatuko duen binakako lehiaketan, ostera, faborito argiak dira, ze iazko Europako txapeldunak dira. “Gu gara faboritoak, hala ere, valentziarrak lan ona egiten ari dira, ondo prestatuta datoz eta kontuz ibili beharko gara”, argitu du pilotariak.
Binakako mistoan domina eskuratzea “zailagoa” izango zaiela dio: “Oso zaila izango da, ze maila oso altua dago lehiaketa mistoan. Gizonezkoek beste abiadura batean lehiatzen dute, eta gatza izango da emaitza ona lortzea. Beraz, domina bat lortuz gero, brontzezkoa bada ere, sekualko emaitza izango zen”.
Erritmo bizia.
Wallball txapelketako bereizgarri nagusia da horma bakarrean aritzen direla pilotariak, baina horrek jokoaren erritmoan zein teknikan ere eragin nabarmena dauka. Gainera, horma bakar horrek txaparik ere ez dauka, eta horrek euskal pilotarien teknika “guztiz” aldatzea dakar. “Guk txapagaz jokatzen dugunez, gure jokoa altuagoa izaten da eta nabaritzen da beste selekzio batzuk ohituta daudela joko baxu horretara, txaparik barik jokatzera. Guri tokatzen zaigu moldatzea”, onartu du Arrizabalagak. Pilota ere desberdina da, ze frontenisekoaren modukoa dela dio, pisu gutxikoa. “Hori ere nahiko desberdina da guretzako”, gehitu du.
Fisikoki, beraz, diziplina exigentea da: “Alde batetik bestera mugitu beharra dago jokoa oso arina delako. Oso dinamika leherkaria da. Ze, pilotan, nire jokatzeko era izan daiteke partida luzea bultzatzearena, eta beste batena jokoa geldotzearena. Baina diziplina honetan pilota beti doa arin. Joko leherkari eta mugimendu arin horietan aldatzen da jokoa gehien. Partidak amaierara hoberen heltzen denak irabaziko ditu”.
Ondorioz, joko horretara ondo moldatzeko “gogor” entrenatu dute azken hilabeteetan: “Uda aurretik hasi ginen asko entrenatzen, ze desberdintasun asko daude. Erabat aldatzen dira teknikak, posturak, jolasteko modua… Eta, horretara egokitzeko, entrenatzea besterik ez dago. Ordu asko sartu behar dira entrentatzen”. Diziplina honetan “bizkorra” izan behar da, pilota “oso arin mugitzen” delako, eta, ondorioz, arintasun hori ere entrenatu behar izan dute: “Hala ere, uste dut oso ondo prestatuta goazela bai fisikoki, bai teknikoki. Beraz, dominaren batzuk ekartzeko selekzioa badaukagula uste dut. Eta espero dut horiek etxera ekartzea”.