Jai giro bikaina, Errenteriako San Bartolome jaietan
Tortilla txapelketa, dantzak, piragua zeharkaldia, kukaña, estropadak, txirrindulari lasterketa... Errenteriako sanbartolome jaietako errezetako ohiko osagaiak dira, eta, beste behin, aurtengoan ere ez dute hutsik egin.
Errenteriako San Bartolome jaietako Kukaña Txapelketa.Txebi Arriaga Euren esentzia mantenduta ospatu dituzte sanbartolome jaiak Errenteriarrek. Tradizioari jarraituta antolatutako festek erantzun bikaina izan dute herrian, “jai giro ederrean” murgildu baitira barikurik (abuztuak 22) atzora (abuztuak 24), Errenterian.
Txupinazoa mertzedariek jaurti ostean hasi zen auzoa mugitzen, girotzen, jai giroz janzten; izan ere, Sua taldea izan zen dantza egiteko musikaz Errenteria bete zuena.
Eta, barikuan auzoa dantzan jarri ostean, zapatuan ailegatu zitzaien bizilagunei egun handia. Tortillarik onena norena den erabakitzeko eguna izan zuten, eta aurkeztutako hamazortzi tortillen artean, Mambo1 izenekoa izan zen gozoena, epaileen iritziz.

Errenteriako San Bartolome jaietako Tortilla Txapelketa.Txebi Arriaga
Gero, indarrak hartuta, Laida eta Errenteria arteko piragua zeharkaldian elkartuko ziren bizilagunak, eta horiek Errenteriko zubi ingurura bueltatu eta gero, San Bartolome jaietako irudi esanguratsuenetakoa den kukañan dantzan egiteko unea iritsi zitzaien ausartenei. Urtez urte jendetza erakartzen du Errenteriako Kukaña Txapelketak, eta aurten ere ez da gutxiagorako izan. Erakustaldi bikaina egin zuten kukainan parte hartu zutenek.
Eta, atzo, San Bartolome egunez, dianagaz esnatu zen auzoa. Meza ostean, ostera, Elai Alai Dantzari Taldekoek emanaldia eskaini zuten, eta errenteriarrek familian bazkaldu ondoren, klasikoetan klasikoena den San Bartolome Saria lehiatuko zuten txirrindulariek.

Gorka Corres Errenteriako San Bartolome txirrindulari lasterketako irabazlea.Txebi Arriaga
128 kilometroko bidea izan zuten aurretik, baina, Errenteriako helmugan, ohi bezala, esprintean erabaki zen lasterketa, eta denetan azkarrena izan zen Caja Ruraleko Gorka Corres txirrindularia; Alain Suarez eta Adur Tapia gainditu zituen azken metroetan, bere taldekideek azken igoeran zein horren aurretik egindako lan bikaina errematatuz. “Lasterketa kontrolpean eraman dugu une oro. Hasieratik adi egon gara eta bidea egin duen talde horretan sei taldekide sartu ditugu hasieratik, beste talde batzuk lan egitera behartuz”, adierazi zuen Corresek lasterketa amaitu berritan. Egoera horri esker “atzean babestuta” joan zela onartu zuen, “indarrak gorde” zituela esanez. “Azken igoeran Adurrek erasoa jo du, eta berarekin joan naiz. Gero, bidean behera, Alainek harrapatu gaitu, eta hiruron artean lehiatu dugu esprinta”, azaldu zuen. Hala, lan bikaina taldekideekin ospatzeko aukera izan zuen.
Ostean, inguruko arraun elkarteetako kideek bereganatu zuten bertaratutako herritarren arreta. Seigarrenez lehiatuko zuen Errenteriako Estropada, eta harrobiak sendo daudela erakutsi zuten. Eta, aurten ere, San Bartolome jaiak dj saioarekin agurtuko zituzten, Dj Alex & Jonen saioari esker.
Argazkiak: Txebi Arriaga.