Gaztetxo Eskola enpresak lanera itzuli gura duten langileak hartu beharko ditu
BBK Klimak zerbitzua emateko aurten kontratatu duen Gaztetxo Eskolak uda honetan BBK Kliman lan egin behar zuten langile guztiei urte osoko kalte ordaina ordaindu beharko die, lanera itzuli gura duten guztiak hartzeaz gain.
Busturiko BBK Klimak udako denboraldiko udalekuetarako enpresa bat kontratatzen du zerbitzua emateko, eta aurten enpresa hori aldatu dute, Ortzadar enpresatik Gaztetxo Eskola enpresara igaroz. LABeko ordezkariek ekainean salatu zuten enpresa berriak langileak subrogatu behar zituela, baina ez zuela hori egin, “23 langile baino gehiago kaleratu” zituela salatuz. Horien buelta eskatu dute hainbat mobilizaziotan, baita pankarten, bileren edota kanpaldien bidez, eta, ekintza sindikala eta juridikoa martxan jarri dute. Eta, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, borrokak arrazoia eman die langileei: Gaztetxo Eskolak BBK Kliman lan egin behar zuten langile guztiei urte osoko kalte ordaina ordaindu beharko die, eta lanera bueltatu gura dutenak berronartu beharko ditu. “Beste behin, borrokak merezi duela argi geratu da”, diote sindikatukoek.
LABekoek eurek hasieratik esandakoa berretsi dute, eta enpresaren jarduna eta kudeaketa salatu dituzte: “Hasieratik esan zuen LABek Gaztetxo Eskolak BBK Kliman egindakoa irregulartasunez beteta zegoen iruzur bat zela: langileen kontrako mehatxuak, subrogazio prozesu irregularrak, asmatutako langileen kontrako txostenak, kaleratze gutunak… Dena, gainera, modu arrotzean eta oldarkorrean egin zuten, helburu argi batekin: kaleratutako langileak beldurtzea eta isilaraztea”.
Sindikatukoek adierazi dute Gaztetxo Eskola “EAJri lotutako enpresa” dela, eta borroka honek agerian utzi duela alderdi jeltzalearen jokaera. “EAJren gertuko enpresa batek (Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoz hornitutakoa) lan zentro baten kudeaketa bereganatu, lan eskubideak zein hitzarmen kolektiboa errespetatu ez eta autoritarismoz gazte langileen kontra egin du”, azaldu dute.
Gainera, egoera hori “ez dela salbuespena” gehitu dute, salatu baitute udalekuetan “ohikoa” bilakatzen ari dela administrazio publikoaren diru laguntza jasotzen duten enpresek langileen “lan eskubideak urratzea, lan hitzarmenak bete barik uztea eta esplotazioa normalizatzea”. Hori bakarrik ez, Bizkaiko Foru Aldundiak “ezikusiarena” egitea ere salatu dute.
Horregatik, BBK Klimako langileek egin modura, sindikatuak dei egin die prekarizazioa jasaten duten gazte langileei euren lan eskubideen alde antolatzera, “euren egoera errotik aldatzeko”.