Auzolana oinarri izan duen "giro ederreko" sanbartolome jaia ospatu dute Bedaronan
Bedaronako San Bartolome jaiak "giro ederrean" ospatu zituzten atzo (abuztuak 24), eta jai batzordekoak "oso pozik" gelditu dira egunak izandako erantzunagaz, inoiz baino jende gehiago bertaratu baitzen bertara.
Bedaronako San Bartolome jaiak. Bedaronako Jai Batzordea San Bartolome ermitaren inguruan elkartu ziren bedaronarrak zein inguruko bizilagunak atzo (abuztuak 24), San Bartolome egunez. Urtean behin elkartzen dira bertan, eta giro ederrez betetako herri txikietako jaiez gozatzen dute han. Aurtengo jaiak ere “giro ederra” eroan zuen ingurura, eta jai batzordekoak “oso pozik” daude egunak izandako erantzunagaz, inoiz baino jende gehiago bertaratu baitzen bertan: “Egun oso polita izan zen. Jai batzordearen aldetik oso pozik gaude emaitzagaz. Eguraldi oso ona egin zuen, eta inoiz baino jende gehiago bertaratu zen San Bartolomera. Oso ondo joan zen dena, oso polita izan zen”.
Hain zuzen ere, auzolanean eraikitako jaiak izan direla azpimarratu dute: “Egun benetan polita izan zen. Jai batzordera ere kide berriak sartu dira, eta denen artean antolatutako jaia izan zen atzokoa, auzolana oinarri izan zuena. Bertaratutako guztiek asko eman zuten, aportazio asko egin zituzten, eta esan daiteke auzolanaren espiritua presente egon zela”. Izan ere, atzo bakarrik ez, aurreko egunetan ere elkarlanean ibili dira dena muntatzen, komun berezi bat ere prestatuz.
Eguna EinGo taldearen musikagaz abiatu zuten, eurek alaitu baitzuten eguerdiko giroa. Baina, musikaz gain, zer jan ere egon zen inguruan: pintxoak eta salda egon ziren aukeran, eta batzuk paellak egitera ere animatu ziren.
Gero, umeek herri kiroletan trebatzeko aukera izan zuten, eta txinga eroate txapelketa ere lehiatu zuten. “Arrakastatsua” izan zen jai batzordekoen hitzetan, parte hartzaile asko egon baitziren. Hala, 25 kiloko txingak eroateko emakumezkoen kategorian Teresa eatarra izan zen indartsuena, eta proba irekian, 35 kilokoan, Gardatako Jesus gailendu zen. “Oso ondo egon zen”, diote antolatzaileek.
San bartolome baselizatik jendea gorantz igo zen arratsalderako, eta txikienek Olabe auzoko poniekin gozatzeko aukera izan zuten. Eta, hortik, Elizaldera joan ziren, han bolo txapelketa lehiatzera. Kantu potean ibili ostean, kontzertuei eman zieten lekukoa, eta Lekeitioko 48280 taldeak euskarazko hip-hop eta rap doinuak jarri zituen inguruan. “Gazte asko bertaratu ziren, eta asko gustatu zitzaien kontzertua. Ondoren, Dj Koet ondarrutarra ibili zen musika jartzen, eta ederto pasatu genuen”, gehitu dute jai batzordekoek.
“Jai giro sanoa” nagusitu zen bertan, eta denen artean laguntzekoa, eta horrek jai batzordekoei aurrera segitzeko indarra ematen die: “Bedaronak 120 biztanle ditu, eta horrelako jaia muntatzea oso berezia da. Bertoko jendea edo bertaratzen direnak pozik ikustea da guretzat bereziena. Horrek ere aurrera segitzeko indarra ematen digu, asko motibatzen gaitu. Horrek arrazoia ematen digu jarraitzeko”.
Argazkiak: Bedaronako Jai Batzordea