Mundakako Udalak herritarren laguntza eskatu du eraikin pribatuetatik usategiak kentzeko
Usoak hiri ingurunearen parte izan arren, bizitegi eremuetan behar bezala kontrolatzen ez badira "izurrite" bihurtu daitezkeelako hartu dituzte neurriak. Izan ere, udalak usategien "ugaritzea" antzeman du udalerriko hainbat teilatupe, balkoi eta eraikinetan.
Mundakako Udalak usategien ugaritzea antzeman du udalerriko hainbat teilatupe, balkoi eta eraikin pribatuetako beste egitura batzuetan, eta, egoera horrek “osasungarritasun arazoak, hiri azpiegituretan kalteak eta herritarrentzako eragozpenak” dakartzala kontutan hartuta, herritarren laguntza eskatu du eraikin pribatuetatik usategiak kentzeko.
Hala, “udal araudia betez”, higiezinen jabe, auzo komunitate eta errentari guztiei eskatu die usategi gisa egokitutako edozein egitura, instalazio edo espazio ezabatzea euren jabetza guneetan. Gainera, balkoietan, terrazetan edo espazio publikoetan usoak kontrolik barik ez elikatzeko eskatu dute, baita udal zerbitzuekin lankidetzan aritzea, hiri fauna kontrolatzeko neurriak aplikatzeko.
Izan ere, usoak hiri ingurunearen parte izan arren, bizitegi eremuetan behar bezala kontrolatzen ez badira “izurrite” bihurtu daitezkeela diote, hainbat arrisku sor ditzakeelako: “Gaixotasun zoonotikoen transmisioa sor dezake, eta faltxadak, teilatuak eta hustubide sistemak hondatu ere bai. Horrez gain, higienean eta segurtasunean eragina du habiak metatzeak”.
Ondorioz, “guztion laguntza” eskatu du udalak, “udalerria osasungarritasun egoeran, segurtasunean eta ongizate baldintzetan mantentzeko”.