Jai berezienetan sartzeko txanda ailegatu zaie errenteriarrei
Tradizioari jarraituz datoz aurten ere Errenteriako jaiak: kukaña txapelketak, piragua zeharkaldiak, txirrindulari probak eta estropadak ez dute hutsik egingo. Hala ere, barikutik (abuztuak 22) domekara (abuztuak 24) musikaz, tortilla txapelketaz eta dantzez gozatzeko aukera ere egongo da.
Argazkia: Txebi Arriaga. Errenteriako jaiek ez dute euren esentzia galdu, eta aurten ere, Gernika-Lumoko Udalak ohiko jardueren aldeko apustua egin du, hutsik egin ezin duten jarduerak mantentzea erabakiz. Hala, abuztua San Lorentzo jaiekin hasi eta Andra Mari eta San Roke jaiekin jarraitu duten gernika-lumotarrek sanlorentzoak dituzte hurrengo geltoki. Eta jai horietaz gozatzeko hiru eguneko egitaraua prestatu dute.
Txupinazioa jaurtita eta erromerian dantza eginez abiatuko dituzte festak, eta iazko legez, Sua taldea izango da dantza egiteko musika jarriko duena.
Zapatua egun berezia izango da errenteriarrentzat. Tortillarik onena norena den erabakitzeko eguna izango da, txapelketa egingo baitute eguerdian. Eta, gero, indarrak hartuta, Laida eta Errenteria arteko piragua zeharkaldian elkartuko dira bizilagunak. Parte hartzeko beharrezkoa da Twente tabernan izena ematea. Piragua norberak eroanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira, eta piragua alokatu behar dutenek 25 euro ordaindu beharko dituzte. Autobusez joango dira Laidara, 15:00etan Idigatik irtenda. Zeharkaldia begirale batzuek gidatuta egingo dute, beste behin.
San Bartolome jaietako irudi esanguratsuenetakoa den kukañan dantza egiteko unea izango da zeharkaldikoak bueltatzen direnekoa. Urtez urte jendetza erakartzen du Errenteriako Kukaña Txapelketak, baina azken urteotan estropada eta itsas zeharkaldiagaz eskutik helduta pasatzen ditu jaiak. Izan ere, bertoko kirolak, eta zehazki uretakoak, sustatzen dituzten jaiak dira sanbartolomeak.
18:00etan hasita lehiatuko dute kukaña txapelketa, baina parte hartu gura dutenek hasi baino hamar minutu lehenago izena eman beharko dute. 14 urtetik aurrerakoek parte hartu ahalko dute, eta hiru sari banatuko dituzte: 100 euro, 80 euro eta 50 eurokoak.
Eta, ostean, Xaiborrek girotuko du ingurua. Bere musika errepertorio zabalagaz dantzan jarriko ditu ume, gazte zein helduak.
Biharamunean, San Bartolome egunez, dianagaz esnatuko da auzoa, 10:00etan. Meza ostean, ostera, Elai Alai Dantzari Taldekoen emanaldiaren txanda ailegatuko da. Familian bazkaldu ondoren, klasikoetan klasikoena den San Bartolome Saria lehiatuko dute; 16:00etan abiatuko dute proba. Eta, ostean, inguruko arraun elkarteetako kideek bereganatuko dute arreta. Seigarrenez lehiatuko dute Errenteriako Estropada, harrobiak sendo daudela erakutsiz.
Eta, aurten ere, San Bartolome jaiak dj saioarekin agurtuko dituzte: iazko legez, Dj Alex & Jon ariko dira aurtengo udako kantuak zein garai batekoak jartzen.
EGITARAUA.
Abuztuak 22, barikua.
20:00. Txupinazoa.
21:00-00:00. Sua erromeria.
Abuztuak 23, zapatua.
12:00. Tortilla txapelketa.
15:00. Piragua zeharkaldiaren irteera.
17:00. Mus txapelketa.
17:45. Kukaina eta piraguen harrera.
21:00. Xaibor.
Abuztuak 24, domeka.
10:00. Diana.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Uriko aurreskua, Elai Alai dantza taldearen eskutik.
Ondoren. Kopaua.
13:00. Kalapitaka trikitixa kalejira.
16:00. LXXIII. Txirrindulari lasterketa.
18:00. Puzgarriak.
19:30. Estropadak.
20:00-22:00. Dj Alex & Jon.