Herria behetik gora eraikitzen laguntzen duen sanbartolome jaia
Bedaronatarrentzako jai egun bereziak dira sanbartolomeak, egutegian markatutako horietakoak. Ermitaren inguruan batzen dira bizilagunak, eta giro ederrez betetako herri txikietako jaiez gozatzen dute. Hala ariko dira domekan (abuztuak 24), denetariko jardueretan batzeko aukera baitute.
Iazko Bedaronako jaiak.Bedaronako Jai Batzordea Bedaronako San Bartolome jaiak ospatuko dituzte domekan (abuztuak 24) 12:00etan hasi eta 00:00etara bitartean, denetariko ekintzekin. Bedaronatarrentzako jai egun bereziak dira sanbartolomeak, egutegian markatutako horietakoak. Ermitaren inguruan batzen dira bizilagunak, eta giro ederrez betetako herri txikietako jaiez gozatzen dute.
Jai batzordekoek adierazi dute adin guztietako herritarrentzako egitaraua prestatu dutela, eta bizilagunak zein inguruetako herrietakoak gonbidatu dituzte bertaratzera: “Herri txikietako jaiak oso politak dira, bereziak. Guretzako egun seinalatua dira sanbartolomeak. Bertako jendea bertan biltzen gara, eta giro ederrez gozatzeko aukera dago. Horrelako herri txikietako jai txikiek herria behetik gora eraikitzen laguntzen dute”.
Hala, urtean San Bartolome egunez bakarrik zabaltzen den ermitan geldituko dira 12:00etan bizilagunak, mezatan. Eta, gero, EinGo taldekoak arduratuko dira dantza doinuak jartzeaz, bizilagunek dantza eta mokadutxoa jaten duten bitartean.
Kirola egiteko tartea ere egongo da herrian, izan ere, umeek herri kirolez gozatzeko aukera izango dute, baita munduko ardi txirrista erraldoienan muntatzeko aukera ere; Euskal Ardi Moztaileen Elkartekoen ardiak berriro bisitatuko du Bedarona, iaz ere bertan egon baitzen.

Latxiñe ardi txirrista erraldoia.Bedaronako Jai Batzordea
Ostean, txinga eroatean ibiliko dira animatzen direnak: 25 kiloko txingak eroaten emakumezkoak bakarrik ariko dira, eta 35 kilokoetan parte hartzea zabala izango da. “Herriko emakumeek eurentzako 25 kilokoa jartzeko eskatu zuten, eta horrela egin dugu. Gero, nahi duenak, 35ekoa probatzeko aukera ere izango du, horretan izena ematea zabala izango baita”, argitu dute jai batzordeko antolatzaileek.
Behin lanak eginda, arratsaldean, ermitatik goranzko bidea hartuko dute, eta Olabe auzorantz joango dira, han Ibiren ponietan ibili ahal izateko.
Jai giroak, baina, ez du etenik izango, bolo txapelketa eta kantu poteoa ere egongo baitira aukeran. Eta, jaiei era bikainean agur esateko, Lekeitiotik bertaratuko diren 48280 taldekoek kontzertua eskainiko dute. Ostean, gaua luzatu gura duenak izango du horretaarko aukera, Dj Koet ondarrutarrak musika jartzen ariko baita.
Kontzertuek iraun bitartean, gainera, mokadua jateko aukera ere eskainiko dute Bedaronan, txosnak bokatak eskainiko dituzte-eta. Eta, rifak erosten dituenak, gainera, bizikleta bat etxera eroateko aukera ere izango du, horren zozketa egingo baitute bertan.
Jai batzordekoek detaile guztiak izan dituzte kontutan, eta Bedaronara bertaratzen diren horiei taxi zerbitzua eskatzeko aukera erraztu diete: Irataxiren zenbakia jarri dute bertaratzen diren horien eskura, eta Bedaronatik etxera taxian itzuli gura duenari telefonoz 602 50 41 36 telefonora deitzeko edo Whatsappez 616 39 54 70 telefonora idazteko aukera eskaini diete.
EGITARAUA
Abuztuak 24, domeka.
12:00. Meza, San Bartolome baselizan.
13:00. EinGo kanta eta dantza taldea.
13:30. Umeentzako herri kirolak eta Latxiñe ardi txirrista erraldoia.
14:30. Txinga eroate txapelketa, bi kategoriatan 25 kg (emakumezkoak) eta 35 kg (irekia).
18:00. Ibiren poniak Olabe auzoan.
19:30. Bolo txapelketa.
20:30. Kantu poteoa.
22:30. Kontzertuak: 48280 eta Dj Koet.
00:00. Txirrinduaren zozketa.