Bermeoko Udalak udalean euskararen erabilera indartzeko plan estrategikoa onartu du
Planaren helburu nagusia da, udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea, bai zerbitzu hizkuntza modura, bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera areagotu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzuteko.
Bermeoko Udalak 2027ra arteko Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu du, Eusko Jaurlaritzak landutako marko estandar berriarekin bat etorrita eta UEMAgaz elkarlanean. Normalizazio plan berri hau udal langile eta ordezkari guztiei zuzendutako plana da, udalaren jardun osoa bere baitan hartzen duena. Ondorioz, arduradun politiko eta langile guztiek bete beharreko irizpideak jasotzen ditu.
Izan ere, planaren helburu nagusia da udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea, bai zerbitzu hizkuntza modura, bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera areagotzeko eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzuteko.
Planak udal langileen eta ordezkarien parte hartzea izan du, izan ere, planak hizkuntza ofizialen kudeaketa udalaren kudeaketa orokorrean txertatzeko beharrizanean du oinarria, eta Bikain ziurtagiriarekin lerrokatuta dago. Egindako diagnostikoak erakusten du udalean egindako ibilbidea “handia” dela —2011n eta 2o19an Bikain ziurtagiriak lortu zituen— eta euskarazko jardunak “toki esanguratsua” daukala bertan, baina badago zer hobetu, eta horri ekingo diote udal ordezkariek.
Ze, diagnostikoaren arabera, kudeaketa berebiziko lekua hartu duen honetan, Bermeoko Udalak euskararen normalizazioan egindako ibilbidea %75 da. Hartara, plangintzaldiaren helburua izango da gaur egungo %75 horretatik %89ra igarotzea.
Hori dela eta, kudeaketak berebiziko lekua izan behar duen plangintzaldi berri honetan, “erabateko garrantzia” izango dute zeinbait aspektuk: lidergoan oinarritutako kudeaketarako egiturek; adierazleei jarraipena egiteko sistemek eta adostasunak; hizkuntza irizpideak ezagutarazi eta betetzak; arduradun politikoen zein langileen lidergoa sustatzeak; eta, euskara izateak sortze, lan eta zerbitzu hizkuntza udalaren sail eta zerbitzu guztietan.
Hori guztia lortzeko eta planak aurrera egiteko, udala osatzen duten guztien adostasuna, inplikazioa eta elkarlana “ezinbestekoa” dela diote udal ordezkariek: “Arduradun politikoek zein langileek konpromisoak hartzen jarraitu behar dute, euskararen erabilerak gora egiteko eta orain arte egindako lanari eutsi eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko”.