Lore-zubia eraikitzen duen oroimenerako mihisea
Gernika-Lumoren eta Hiroshima eta Nagasakiren arteko lore-zubia eraikitzea du asmo Allende Salazar ikastetxeko horman Arteskolako 30 kidek margotutako horma irudiak. Hiru herriek partekatzen duen iragan bortitzari eta egungo bake-konpromisoari egiten dio erreferentzia.
Zertzeladaz zertzelada, Gernika-Lumoren eta Hiroshima eta Nagasakiren arteko lore-zubia eraikitzea asmo duen horma irudia margotu dute Arteskolako 30 kidek Allende Salazar herri ikastetxeko horman. Hiru herriek partekatzen duen iragan bortitzari eta egungo bake-konpromisoari egiten dio erreferentzia lanak. Ondorioz, Oroimenerako mihise bihurtu dute orain arte grisa zen 57 metroko horma: kolorez, sinbologiaz eta bake mezuz bete dute.
Hain zuzen ere, seina metro koadroko 12 piezak osatzen dute lana. Zehatz esateko 12 lore dira bertan ikus daitezkeenak, jatorrian tenplu budistak apaintzen zituzten eta introspekzio ariketa gisa balio zuten lore motiboak gogorarazten dituztenak.
Sinbologiaz eta bake mezuz betetako lan hori egiteko, eta mezu horiek transmititzeko ikebana metodoa erabili dute, izan ere, ikebana japoniar kulturan sakonki errotutako naturarekiko errespetutik sortzen den antzinako artea da, japoniar artearen beste forma asko bezala; hala nola kaligrafia, tearen zeremonia eta haiku poesia. Ondorioz, horma irudi honetan aurkeztutako ikebana teknikak lore bizien bidez naturarekin eta barne-orekarekin harreman meditatiboa proposatzen du, eta hori da muralean islatu duten espiritua. Gainera, panel elebidun batek, euskaraz eta gaztelaniaz, obraren zentzua azaltzen die bisitariei eta oinezkoei.
Horma irudia, baina, ez da jarduera estetiko hutsa. Hiroshima eta Nagasakirako “zubi sinbolikoa” da horma irudia, udal ordezkarien berbetan. Gernikarekin senidetutako hiriak dira biak, eta partekatzen duen iragan bortitzari eta egungo bake-konpromisoari erreferentzia eginten dio lanak, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatearen berbetan: “Bizitako sufrimendua gorabehera, bakearen etorkizuna bilatzen duten hirien arteko harremanak estutu nahi ditugu. Estetika, pedagogia eta memoria uztartzen dituen horma-irudi hau ere giza mezua da”.