Familiak eta umeak izango dira Izarrako jaietako protagonista nagusiak
Aurten, berriro ere, Bermeoko erraldoi txikien taldeak jardueraz beteko du Izarrako frontoia. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute, abuztuaren 27tik 29ra artekoa.
Badatoz KIETB Bermeoko erraldoi txikien taldeak antolatzen dituen Izarrako jaiak. Hiru eguneko egitaraua antolatu dute aurtengorako, abuztuaren 27an (eguaztena) hasi eta hilaren 29ra (barikua) bitartean. Protagonista nagusiak, ohi legez, erraldoiak izango dira, hainbat kalejira egingo baitituzte. Hala ere, beste hainbat jarduera antolatu dituzte, batez ere, herriko umeen eta familien gozamenerako.
Xixilitxikiri harrera egin ostean, pregoiagaz eta hasierako txupinagaz abiatuko dituzte auzoko jaiak, eta pregoia jaurtitzearen ardura Sergi Sarmientok hartuko du. 2022ko Espainiako parkour lehiaketako txapelduna da, baita zinema arloan eszena arriskutsuetako espezialista ere, eta horrez gain, akrobata, pandero jolea eta KIETB taldeko kidea ere bada; hala, “pozik” hartu du pregoia botatzeko ardura. Beragaz batera, Ane Ferreras egongo da, bera izango baita txupinera; laugarren urtez igoko da balkoira, txupinaren metxari su ematera. Ostean, kalejira egingo dute Kix -Kix ile apaindegiraino, Izarrako frontoia, enparantza, eta Atalde eta Intxausti kaleak zeharkatuz. Bertara iritsita, bertaratutakoek Xixilitxikirekin argazkiak ateratzeko aukera edukiko dutela azaldu dute gaurko (abuztuak 20) aurkezpenean antolatzaileek.
Hilaren 28an, jaien bigarren egunean, gaiteroekin kalekira egingo dute, eta 11:00etan hasita, KIETB Erraldoi Txikien kalejira luzeagoa egingo dute.
Arratsaldez, baina, jai egunagaz jarraituko dute. 17:45ean, familientzako magiazko kale antzerkiak hartuko du Izarrako frontoia, eta, ondoren, umeek tailer eta joko desberdinetan parte hartzeko aukera edukiko dute, izan ere, erraldoien tailerrak eta aurpegi margoketa izango dituzte aukeran. Eguna, luzea izango da eguenekoa, ze, horren ostean, gurpildun zezenen entzierroa izango dute aukeran, eta, ostean, eskola publikoko karpan, Xaiborren diskofestan gorputzak mugitzen jarraitu ahalko dute bertaratzen direnek.
Hilaren 29an, barikuz, gaiteroen dianak girotuko ditu auzoko kaleak goizetik, eta 12:30ean, bits festan bustiko dira bertaratzen direnak. Hori bai, espuma artean sartuko direnei, antolatzaileek gomendatu diete bainu jantzia edo neoprenoa eroateko, baita igerilekuko betaurrekoak ere.
Eta, arratsaldean, iaz sekulako arrakasta izan zuen Motx pailazoaren ikuskizunak beteko du ingurua, gainera, gero, txokolate jana egingo dute; edalontzia etxetik eroateko eskatu dute.
Jaiak ohiko eran agurtuko dituzte: suzko zezenagaz eta urezko adarbakarragaz jolastuz, Xixilitxikiren doluzko ibilbidea egin aurretik. Hala ere, suzko zezenean parte hartzeko ezinbestekoa izango da kotoizko arropa luzea janztea, eta begiak eta burua babestuta eroatea. Gero, doluzko ibilbidearen eta azken agurraren zein Ross dantza eskolaren ikuskizunaren ostean erreko dute Xixilitxiki.
Euria edo denbora txarra eginez gero, ekintza guztiak San Frantzisko Herri Ikastetxeko patio estalian egingo direla jakinarazi dute, eta bertaratzeko Esparru kaletik sartu beharko dela aurreratu dute. Hala ere, sua duten jarduerak bertan behera geratuko direla jakinarazi dute.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkie antolatzaileei Izarrako auzoko jaietarako horrelako egitaraua antolatzeagatik, eta herritarrak animatu ditu jaietan parte hartzera, “ondo pasatzeko aukera baitira”.
EGITARAUA.
Abuztuak 27, eguaztena.
19:45. Xixilitxikiri harrera txistulariekin, Izarra enparantzatik.
20:00. Pregoia eta jaien hasierako txupina, Izarrako frontoian.
Jarraian. Jaitsiera Izarrako frontoitik hasita eta Kix Kix ileapaindegiraino.
20:40. Jendea Xixilitxikirekin argazkiak ateratzeko aukera, photocall eta musika zuzenean Sarkidi taldeagaz, Kix Kix ileapaindegian.
21:30. Buruhandiak: Baños de Rioja eta KIETB, Izarra enparantzan.
Abuztuak 28, eguena.
10:00. Diana gaiteroekin, auzoko kaleetatik.
11:00. KIETB erraldoi txikien kalejira, Izarrako frontoitik hasita.
17:45. Familiako magiazko kale antzerkia, Izarrako frontoian.
Ondoren. Erraldoien tailerrak eta aurpegi margoketa, Izarrako frontoian.
19:30. Gurpildun zezenen entzierroa, Izarrako frontoitik hasita.
Ondoren. Xaibor diskofesta, eskola publikoko karpan.
Abuztuak 29, barikua.
11:00. Dianak gaiteroekin, auzoko kaleetan zehar.
12:30. Bits festa Izarrako frontoian.
18:00. Motx pailazioaren kale antzerkia, Izarrako frontoian.
Ondoren. Txokolate jana, Izarrako frontoian.
Bitartean. Erraldoien agurra dantzaldia, Izarrako frontoian.
19:30. Girotzeko musika, Izarrako frontoian.
Ondoren. Urezko adarbakarra eta suzko zezena, Izarrako frontoian.
Ondoren. Xixilitxikiren doluzko ibilbidea, ohorezko aurreskua, Ross Dantza eskolaren ikuskizuna eta Xixilitxikiren erreketa suziriekin, Izarrako frontoian.